Lehenengo fasean, 48.296,85 euroko zenbatekoagaz kontratatuta eta otsailean eta martxoan gauzatuko dena, Akilino Arriola eta Sabino Arana kaleetan egingo dute. Lehenengo urratsa frontoiaren aurreko zuhaitzak kentzea eta zuhaitz berriak landatzea izan da, udal zuhaitzen planari jarraituz. Egungo zuhaitzak egoera txarrean zeuden eta ez zituzten zuhaitzen plan horretako irizpideak betetzen; hori dela eta, haiek ordezteko edo birlandatzeko erabakia hartu da.
Bestalde, proiektuaren lehen fase honetan hobekuntzak proposatzen dira Akilino Arriolaren ingurunean, elizaren eta Jauregizar plazaren arteko berdeguneetan. Batez ere urkiz osatutako baso bat landatuko da, itzala emango duena eta karbonoa kentzen eta inguruko bero-uharteak murrizten lagunduko duena. Zuhaiztiaren itzalean mahaiak jartzea ere proposatzen da, plazari erabilera osagarriak eskaintzeko. Eleizalde kaleko sarreran dagoen parterrean eta elizaren biribilgunearen aurreko parterre triangeluarrean ere jardungo da.
Bigarren fasea, 2025ean kontratatuko da 104.000 euroko inguruko zenbatekoagaz eta Eleizalde eta Landa doktorea kaleetako hiri-altzariak berritzea aurreikusten da. Mikel Tapia Hirigintza zinegotziaren arabera, "Sopelako erdiguneari ikuspegi naturalagoa eman gura diogu, gure udalerriko bizilagunentzat erakargarriagoa eginez, eremu horri zuhaitzak eta hiri-altzari berriak emanez. Azken batean, pertsonek gozatzeko espazio atseginagoa sortu nahi dugu ".