Guruzne Carrasson Sopelako alkateak esan bezala, “HAPOren Irizpide eta Helburuekin azken 25 urteetan garatu izan dugun herri eredua aldatzeko urrats garrantzitsua emango dugu. HAPOren prozesuak aurrera egin behar du, ezin dugu gehiago itxaron, hamarkada bateko atzerapena daukagu”.
Dagoeneko Irizpide eta Helburuen proposamen zehatza Hirigintza Aholku Batzordea osatzen duten elkarte guztien esku jarri da. Horrez gain, HAPOren talde erredaktoreak azalpenak eman dizkie zuzenean udal talde guztiei. Hurrenez hurren, honakoak dira proposatzen diren balio estrategikoak:
- Babes publikoko etxebizitzak bultzatzea, udalerriko hazkunde iraunkorra eta orekatua ziurtatuz.
- Natura-ingurunea eta historia-, kultura- eta hizkuntza-ondarea babestea, eta klima-aldaketaren erronkei aurre egitea.
- Gizarte-kohesioa eta genero-ikuspegia sustatzea, ekipamenduak eta zerbitzuak auzoen artean modu orekatuan banatuz, eremu publikoen irisgarritasuna eta erabilera inklusiboa, bidezkoa eta segurua ziurtatuz.
- Mugikortasun jasangarria sustatzea, oinezkoari ibilgailu pribatuaren aurretik lehentasuna emanez eta garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera sustatuz.
- Udalerriko garapen ekonomikoa indartzea, tokiko merkataritza dinamizatuz, turismo jasangarria eta kalitatezkoa sustatuz, gaur egun dagoen industrialdea bultzatuz eta nekazaritza-eremuak eta landa- ingurunea babestuz.
- Sopelaren berezko ahalmenak indartzea Mankomunitatearen eta Uribe Kostako eskualdearen barruan, eta, era berean, Bilbo Handiko Eremu Metropolitarrean integratutako erakunde eta udalerriekiko harremana bultzatzea
“HAPOrekin aurrera egiteko irizpideak eta helburuak adostea beharrezkoa da, eta mahai gainean daukagun proposamena argia da: Sopelak egun dituen arazo eta erronkei erantzunak ematea, etxebizitzan, ingurugiroan, mugikortasunean, irisgarritasunean, kohesioan, ekipamendu publikoetan, komertzioan…” esan du Carrassonek.
Auzokideen eta herri eragileen ekarpenak
HAPOren Aurrerapen Dokumentuari aurkeztutako iradokizunei egindako txostena eskuragarri dago jada Sopelako HAPOren “dokumentuak“ atalean: “Iradokizunen laburpena”. Horrek HAPOren partaidetza-prozesuan planteatutako gai nagusiei aurkeztutako iradokizun guztien laburpena egiten du, gaika multzokatuta. Ondoren, martxoko lehen astean, orain arte egindako prozesua herritarrei itzultzeko saio publiko bat egingo da, eta erregistratu diren banakako eta taldeko iradokizunei emandako erantzunak bidaliko ditu Plana idatzi duen taldeak.
Prozesu parte-hartzaile aberatsa
HAPOa berritzearen prozesuak lehen fasea itxi zuen 2024ko irailean. Ekainetik irailera bitarte iraun duen fasea izan zen eta ehunka herritarrek hartu zuten parte bertan. Denera, 115 ekarpen jaso zituen Sopelako Udalak egindako aurkezpen saio eta hitzorduetan. Hain zuzen, bi aurkezpen egin zituen udalak Kurtzio kultur etxean, ekainean eta uztailean, eta lau tailer, bina ekainean eta irailean. Horiei gehitu behar zaizkie, herriko elkarte, herritar eta alderdi politiko guztiekin egindako hitzorduak, 49 hitzordu guztira.