Guruzne Carrasson alkateak adierazi zuenez, "gaur fase berri bat hasiko dugu. Udalak aurrerapen-dokumentua eguneratu du, herritarren eta eragile sozial eta politikoen ekarpenakaz. Zirriborro berri bat landuko dugu hemendik aurrera, Sopelak etxebizitzaren, ingurumenaren, gizarte kohesioaren, mugikortasunaren eta lurralde-integrazioaren arloetan gaur egun dituen erronka handiei erantzun orekatua emateko".
Jon Azpiazuren arabera, HAPOren idazketaz arduratzen den TAPER arkitektura estudioaren sortzaileetako bat, ekitaldia "berrikuntza bat" da hirigintza alorreko partaidetzan, "Sopela baita horrelako aurkezpen publikoa herritarrei egiten dien udalerri bakarretakoa".
Mikel Tapia hirigintza zinegotziaren arabera, "HAPOren fase honetan egindako parte-hartze prozesua nabarmendu eta balioetsi behar da", Udalak 2024ko ekainetik irailaren 30era bitartean garatu zuen parte-hartze prozesuari erreferentzia eginez. Prozesu horren helburua herritarrek, gizarte-eragileek eta talde politikoek HAPOren lehen zirriborroari buruz egindako ekarpenak jasotzea zen.
Lau hilabete horietan, aurkezpen orokor bi egin zituzten Kurtzio Kultur Etxean, eta lau tailer, ekainean bi eta irailean beste bi. Ekimen horiez gain, erredakzio-taldeak 49 hitzordu egin zituen elkarteakaz, gizarte-eragileakaz, auzokideakaz eta alderdi politikoakaz. 115 ekarpen erregistratu ziren guztira, batzuk modu pertsonalean eta beste batzuk modu kolektiboan.
Hala, jasotako iradokizun guztien laburpen-txosten bat egin da aurrerapen dokumentuari buruz. Txosten hori urtarrilaren amaieratik dago eskuragarri udalaren webgunean. Dokumentu honek HAPOren partaidetza-prozesuan planteatutako gai nagusiei aurkeztutako iradokizun guztien laburpena egiten du, gaika multzokatuta.
HAPOren hasierako onarpena urte amaierarako
"Gure ustez, egindako urratsek segurtasuna eta konfiantza transmititzen dute, konpromiso hauei elkarlanean ekiteko" adierazi zuen Tapia zinegotziak. Horrela, hurrengo erronka urte honen amaierarako HAPOren dokumentuaren hasierako onarpena bideratzea da. Ildo horretatik, Carrassonek ziurtatu zuenez, "HAPO berriaren prozesua geldiezina da. Orain pauso berriak emateko ordua iritsi da".