Lehenengo edizioa (1992koa), berez, Sopelako Nikola AEK eta Algortako Lauaxeta AEK euskaltegietako bi talderen arteko lehia izan zen, mintza-praktika egiteko ekintza berezia, eta afari bategaz bukatu zen. Euskaltegiko ekimen hark sekulako bilakaera izan du harrezkero. Gaur egun, Txapelketak 80-90 lehiakide inguru erakartzen ditu urtero Uribe Kostako herrira, eta egun-pasa ederra bihurtu da.
Aurten beste hitzordu batzuk ere izango dira aurretik, giroa berotzen hasteko. Adibidez, martxoaren 24an inauguratuko da Esaera Zaharren Txapelketa, 30 urte izeneko erakusketa, Sopelako Kurtzio kultur etxean. Apirilaren 3rako, kalejira eta kantu-poteoa antolatu dituzte, Sopela Kantari taldearen eskutik; eta apirilaren 4an, umeentzako disko-festa udaletxeko plazan (euria bada, Zipiriñe eskolako patioan). Egun nagusia igarota, apirilaren 10ean, Esalegeak gurean hitzaldia eskainiko dute Akaitze Kamiruagak eta Iñaki Gilisastik; eta, azkenik, maiatzaren 20an, Adolfo Arejita euskaltzainak esaera zaharren gaineko hitzaldia egingo du. Bi-biak izango dira Kurtzio kultur etxean.