Sopelako Udalak trafikoaren abiadura mantsotzeko neurriak aplikatu ditu Iberren eta Gatzarriñen

Nahia Martinez Gondra 2025ko mar. 20a, 10:27

Iberre eta Gatzarriñe kaleak.
Sopelako Udalak trafikoaren abiadura mantsotzeko eta oinezkoentzako segurtasuna handitzeko neurriak aplikatu ditu Iberre kaleko zubian eta Gatzarriñe kalean, Argaluza aldean. Zehazki, badoak eta seinale bertikalak nahiz horizontalak instalatu dira. Gainera, argiztapena hobetu da Iberre kaleko zebrabidean, institutuaren parean.

Udalak abiadura kontrolatzeko radar zigortzaile bat jarriko du laster Gatzarriñe kalean, Ander Deuna ikastolaren inguruan. Iaz, 2024an, auzokideen kexak jaso ziren, errepide horretan abiadura handian ibiltzen direlako kotxeak. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Sopelako Udalaren azterlanek bide horretako abiaduren kontrolean eragitea aholkatzen dute. “Pertsonentzat herri atseginago bat sortu nahi dugu eta horretarako, kotxeen abiadura murriztea beharrezkoa da. Bide horretan jarraituko dugu”, adierazi du Guruzne Carrasson Sopelako alkateak.
 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun