Aldaketa egiteko, bisitarien bilakaeraren inguruko analisi sakon bat egin du Udalak, eta, horri esker ohartu dira azken urteetan behera egin duela bisitari kopuruak udaletxeko plazako arreta gunean. “Gaur egungo beharretara egokitzeko ahalegin handia egin dugu, baina datuek erakusten dute aldatu egin dela turismoa egiteko modua; egun, bisitariek ez dute aurrez aurreko zerbitzurik behar herrian turismoa egiteko”, adierazi du Eder Garcia Sopelako Toki Garapeneko zinegotziak.
2024ko uztaileko datuen arabera, 1.521 turista artatu zituzten Larrabasterrako arreta gunean, eta 348, berriz, udaletxekoan.
Ondorioz, iruditu zaie errentagarriagoa dela orain arteko zerbitzua berrantolatzea eta zerbitzuak gune bakar batean indartzea, arreta intentsiboagoa eta egokituagoa eskaini ahal izateko.
Erabakia hartzerako orduan, digitalizazio prozesua ere hartu du aintzat Udalak. Izan ere, aurten, hiru pantaila interaktibo jartzeko asmoa du Jata Ondo Uribe Eskualdeko Landa Garapenerako agentziak. “Halako tresnek aukera emango dute informazio turistikoa era autonomoan eta aurrez aurreko ordutegitik kanpo ere eskaintzeko. Bi langile egongo dira bulegoan lanean, eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gainera, baliabide digitalak kudeatzeko eta etekin handiagoa ateratzeko aukera izango dute”, azaldu du Garciak. Era berean, turistak artatzeko ordutegia ere luzatu egingo dute. Honako ordutegia izango
du:
Goi denboraldian (uztaila eta abuztua): astelehenetik domekara (jai egunak barne), 10:00etatik 19:00etara.
- Behe denboraldian (gainerako hilabeteetan): astelehenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Domeketan eta jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara.
- Pazko astean, (eguen santutik Pazko astelehenera): 10:00etatik 18:00etara.
- Abenduaren 24an eta 31n, 10:00etatik 14:00etara. Abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an ez da zerbitzurik eskainiko.
Planteamendu berri honek baliabide publikoak modu jasangarriagoan kudeatzea ekarriko du, baita langileen lan baldintzak hobetzea eta egonkortasuna bermatzea ere, lanaldiak hobeto antolatuta eta bakoitzaren beharretara egokituta egongo direlako. “Bisitarien bilakaeraren analisia, zerbitzuaren benetako eskaria, udalerriaren errealitate turistikoa, Udalaren
jasangarritasunaren helburuak, herritarrenganako zaintza eta kalitatezko zerbitzu bat ematearen garrantzia aztertuta, berrantolaketa honen aldeko apustua egin dugu. Era horretara, turismo eredua egungo beharretara egokituta
egongo da, eta, beharrezkoa den kasuetan, arreta indartuko da, urte osoan kalitatezko eta hurbileko zerbitzua eskainiz”.
Udaletxeko plazako bulegoaz gainera, hondartzako informazio gunea ere kenduko dute. Erabaki honek ere, bat egiten du zerbitzua egokitzeko eta optimizatzeko prozesuafaz, Garciaren arabera: "Protagonismo estrategikoa eman nahi diogu Larrabasterrako turismo bulegoari. Kokaleku hori funtsezko puntua da, bai Bilboko metropoliarekin duen loturagatik metro eta Bizkaibusen bidez, bai Sopelako hondartzekin duen gertutasunagatik, oinez edo bidegorrien bidez. Erabaki honekin, udal baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea lortuko dugu, digitalizazioan eta langileen lan-baldintzetan hobetuz, eta, azken batean, Udalak turismo-arloan eskaintzen duen zerbitzua hobetuz ".
Era berean, hiru turismo guneak bakar batean zentratzeak ekonomikoki ere izango du eragina, kostuak nabarmen murriztuko direlako. Orain arte, 154.425 euro bideratzen ziren urtean zerbitzu horietara. Bulego bakarra izateak, berriz, aukera ematen du lizitazio berriaren kostu igoera geldiarazteko: 253.492 euro beharrean, 168.439 euro erabiliko dituzte zerbitzu bakarra mantentzeko.
Prozesu parte hartzailea
Udaletxeko plazako instalazioagaz zer egin erabakitzeko, prozesu parte hartzaile bat abiatzeko asmoa du Udalak. Aurrez, baina, eraikinaren egoera aztertu behar dute, eta, beharrezkoa balitz, hobekuntzak egin.