Bizkaiko baserritarrek, baina, bereziki, Uribe Kostakoek, zuzenean ekartzen dituzte eurak ekoitzitako produktuak merkatura. Besteak beste, barazkiak, fruta, ogia eta arrautzak erosteko aukera egoten da. Zapatuan, kasurako, honako ekoizle hauek parte hartuko dute: Jon Bastante (Zornotza), Jon Ander Zalduegi (Bakio), Jagoba Galarza (Artea), Ekokide (Zamudio), Mañeko (Mallabia), Gilda del Norte (Lezama), Amama Moduan (Errigoiti) eta Urigoitiko txorizoak (Orozko).
Sopelako Udaleko Toki Garapen Sailak bultzatu du ekimena, Jata Ondo Uribe Eskualdeko Landa Garapenerako Agentziagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiko Natur Ingurune eta Nekazaritza Sailagaz lankidetzan. Orain arte egindako ibilbideagaz pozik dago Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotzia: “Gure Lurreko Merkatuaren bitartez, kontsumo jasangarria eta ekoizleen lana balioan jartzen jarraitzen dugu, eta, era berean, Larrabasterra dinamizatzen dugu. Herritar guztiei egiten diegu azoka ezagutzera etortzeko deia”.