Udalak bi prestakuntza saio egin zituen Sopelako ostalariakaz. Apirilaren 28an eta maiatzaren 12an, hain zuzen ere. Lehenengo saioan, herriaren eta lokal bakoitzaren nortasuna landu zen, lehiaketako pintxorik onena sortzeko. Orduan, jaso zituzten lehiaketaren izena eta irudia sortzeko ideia nagusiak: “konfiantza”, “giro ona”, “herriko giroa” edo “hurbiltasuna” bezalako hitzak nabarmendu zituzten. Era berean, kolore nagusiak ere zehaztu zituzten: urdina eta berdea.
Bigarren saioa, berriz, teknikoagoa izan zen, eta produktuen errentagarritasuna eta eskaintza gastronomikoa bezalako gaiak landu ziren, baita prezio egokienak zeintzuk izan zitezkeen kalkulatu ere. Modu parte hartzaile horretan landu du ostalaritza sektoreak ekimena, pintxo lehiaketa antolatzen ari den enpresagaz elkarlanean. Sopela Gustora deitu dute.
Maiatzaren hasieran, argazki eta elkarrizketa saioak egin dituzte pintxo lehiaketa promozionatzeko. Era berean, sare sozialetan ere sortu dute kontua: @sopelagustora, Instagramen eta Facebooken.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan, garrantzitsua da halako ekimenen bitartez ostalaritza sektorea herritarrengana hurbiltzea: “Lehiaketa honen bitartez, ez dugu Sopela dinamizatu nahi soilik. Herrian dugun ostalaritza sektorea ezagutarazi eta balioan jarri nahi dugu, baita herritarrek barraren atzean lanean dabilen jendea ezagutzea eta euren produktuak dastatzea ere”.