Guztira, 15 establezimenduk parte hartuko dute: bederatzik Sopela erdigunean (Ardo Berri, Etxekhi Berria, Elizpe, Txindor, Geltoki, Hor Konpon, La Kala, Laubide eta Lurren Musikafe) eta seik, Larrabasterran (Barinatxe, El Parche, Berbaola, Goxo Break, Indian eta Kux Kux). Barikuro, 18:00etan jarriko dute martxan lehiaketa, eta ordu berean egingo dute sari banaketa igandeetan: Udaletxeko plazan, Sopelako kasuan; eta, Urgitxieta plazan, Larrabasterrakoan.
Epaimahai profesionala eta herritarren parte hartzea
Pintxo lehiaketako lehen aldi honetan, honako aditu hauek osatuko dute epaimahaia: Goizane Bilbao, Getxoko Atrio jatetxeko sukaldaria eta Bizkaiko Tortilla Kopa txapelketako irabazlea eta Euskadi bigarrena; Aitor Fernandez, Bilboko La Palma jatetxeko sukaldaria eta Bizkaiko hainbat pintxo lehiaketako irabazlea; eta Mariely, Sopelako sukaldaritza zale ezaguna eta hainbat lehiaketatako irabazlea; besteak beste, 2005eko Aste Nagusiko marmitako txapelketa, 2006ko Aste Nagusiko buztan gisatua eta 2012ko eta 2016ko Sopelako sukalki lehiaketak.
Denera, zortzi establezimenduk 1.900 eurotan baloratuta egongo diren sariak jasoko dituzte. Gune bakoitzeko irabazleek 500 euro eta plaka oroigarri bat jasoko dituzte.
Epaimahai profesionalaz gainera, herritarrek ere izango dute botoa emateko aukera. Gutxienez, bost establezimendutako zigiluak beharko dituzte, eta taberna bakoitzeko hautestontzietan utzi. Era horretara, zuzenean sartuko dira 100 euroko saria izango duen zozketa batean.
Pintxo lehiaketan parte hartzen duten establezimendu guztietan ibilbidearen mapak jarriko dituzte herritarren eskura. Establezimenduen kokapena eta lehiaketara aurkeztuko dituzten pintxoen argazkiak agertuko dira bertan. Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Sopela Gustora ekimenaren helburu nagusia gure ostalaritza establezimenduetako barraren atzean dauden langileak ikusaraztea da, euren produktuak sustatzea eta, aldi berean, herritarren parte-hartzea saritzea”.