"Duela 15 urte hasi nuen proiektu hau, Sopelan pilates eskaintzarik ia ez zegoenean", hasi da azaltzen Santin. "Pilates dela esaten dugu, baina, egia esan, hemen hortik abiatzen diren beste hainbat proposamen eskaintzen ditugu", erantsi dio Uriartek. Hala, Lorealde pilates estudioan hainbat jarduera dituzte, euren bezeroen beharren eta nahien araberakoak: pilates eta balleta bateratzen dituen barre, malgukiak, indarra, yoga, aireko yoga...
"Saiatzen gara egun bakoitzean gorputzeko atal bat lantzen; horrela, gugana datozenek ariketa guztiak egiten dituzte, eta horrek bereizten gaitu. Gainera, etengabe gehitzen dugu gure materiala, eskaintza areagotzeko", nabarmendu du Santinek, gaineratuz beraiek etengabe ari direla gorputzari entzutetik abiatuta teknika berriak garatzen. Halaber, yoga eta ballet klasikoan ere adituak diren irakasleak dituzte euren estudioan.
"Esan behar dugu hemen, gorputza lantzeaz gain, oso ondo pasatzen dugula, gure arteko giroa ezin hobea delako, eta probatzen dutenek beti errepikatzen dute", adierazi du Uriartek, azpimarratuz ireki zutenetik beraiekaz dauden ikasle asko dauzkatela. "Gainera, gu goizeko lehen ordutik gaude hemen; beraz, denen ordutegietarako egokitutako aukerak ditugu", erantsi du.
Diotenez, jendea arrazoi askorengatik joaten zaie: lanean jarrera desegokietan egoten direlako eserita eta mina dutelako, edo bestelako ezinegonak ere izaten dituztelako. "Jendea minagatik etortzen da, bere jarrera zuzentzera, baina hainbeste gustatzen zaie, beti geratzen dira; azken finean, hau osasuna da".