Horregaz batera, garajeetako sartu-irtenak ere mugatuta egongo dira, eta ibilgailuek, Akilino Arriola kaletik beharrean, Eleizalde kaletik izango dute sarbidea. Udalak kartelak jarriko ditu etxebizitza horien atari guztietan, bizilagunek kale-mozketen berri izan dezaten.
Guruzne Carrasson Sopelako alkateak azaldu duenez, neurri horrek gune publiko seguru, irisgarri eta atseginago baten aldeko apustuari erantzuten dio: “Aspalditik itxi nahi dugu kale hori herritarrak, erdigunean, modu seguruan ibili daitezen. Aldi berean, baina, uste dugu Sopela umeena ere izan behar dela. Azterketa askok diote gaur egungo herriek eta hiriek ez dietela umeen eta nerabeen beharrei erantzuten, espazioak galtzen ari direla, eta hori da, hain zuzen ere, berreskuratu nahi duguna”.
Carrassonek gogorarazi du aurreko urtean aldi baterako itxi zutela Akilino Arriola kalea ekitaldi jakin baterako, eta esperientzia oso positiboa izan zela: “Irudi oso polita utzi zigun: umeak lasai eta alai kale osoa erabiltzen, gozatzen… Horrelako irudiak maizago ikusi nahi ditugu, eta horregatik erabaki dugu larunbatero kalea ixtea, bizikidetza hobetzeko”.