Sopelako Udalak enpresen diagnostikoaren eta Plan Estrategikoaren emaitzak aurkeztu ditu

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 11a, 15:27

Emaitzen dokumentua udalerriko enpresa-sare osoagaz partekatu da. © SOPELAKO UDALA

Maiatzaren 15ean, Sopelako Udalako Toki Garapen sailak Sopelako enpresen diagnosiaren eta Plan Estrategikoaren emaitzak aurkeztu zituen, Susana  Zaballa aholkularitza enpresagaz elkarlanean. Ekintza horiek guztiak komunitatearen benetako beharretan oinarrituta egon  dira, eta, emandako erantzunak, etorkizunerako oinarri sendo bilakatzea lortu gura da. 

2024ko azarotik 2025eko martxora bitarte, entzute prozesu bat abiatu zuten  herriko enpresakaz eta ekintzaileakaz. Tarte horretan, Susana Zaballa  aholkularitza zerbitzuaren laguntza izan zuten; izan ere, enpresa horrek, esperientzia luzea du halako prozesuak gidatzen. Prozesua aurrera eramateko erabilitako metodologia —ikuspegi estimulatzailea  eta design thinking teknika— tresna egokia izan da plan estrategiko inklusiboa  eta berritzailea diseinatzeko. Beti ere, parte hartzaileen ongizatea zaindu da, eta enpresen zein ekintzaileen beharrak eta indarguneak aintzat hartu dira. Hala, etorkizunean udalerrian egingo diren ekintzak, enpresek identifikatu dituzten beharretara egokituta egotea lortu gura izan da prozesuaren bitartez.  

Denera, 30 bat enpresak eta ekintzailek parte hartu dute prozesu parte hartzaile horretan. Hori lortzeko, galdetegiak, banakako elkarrizketak eta aurrez aurreko bilerak egin dituzte, baita bi saio parte hartzaile ere, Susana Zaballa aholkularitza enpresako Miren Lauzirika langileak dinamizatuta: Enpresen Plan Estrategikoa diseinatzeko balio izan dute saio horiek. 

Emaitzen dokumentua udalerriko enpresa-sare osoagaz partekatu da. Gainera, komunikazio-kanal hori irekita uztea erabaki da, elkarren arteko sarea indartzen jarraitzeko asmoz. Aurkezpenean adierazi zen bezala, lehenetsi ziren ekintzen inguruko informazioa ematen eta horiek praktikan jartzen jarraituko dute aurrerantzean.  

Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: "Enpresei eta ekintzaileei zuzenean entzun nahi izan diegu, haiei laguntzeko eta Sopelako enpresa-sarea  sendotzeko. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet prozesu honetan parte hartu  duten guztiei; haien denborarik eta ekarpenik gabe, plan hau ez litzatekeelako  posible izango. Gida baliotsua eman digute, eta horri esker, hurrengo urteetan  egingo ditugun ekintzak sektorearentzat erabilgarriak izatea lortu nahi dugu.  Dagoeneko ari gara ekintza batzuk lantzen, zehaztuta daudenean emango  dugu horien berri”. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun