Arriaterako parkeko eta beste gune batzuetako iturriak berrantolatu ditu Sopelako Udalak

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 17a, 09:50

Arriaterako parkearen inguruan zeuden iturriak kendu egin dituzte euri-uren hodia trabatuta zegoelako.

Sopelako Udalak udalerriko hainbat iturri berrantolatu ditu, haien funtzionamendua hobetzeko eta egungo beharretara egokitzeko helburuagaz. Arriaterako parkean egin da esku-hartzerik nabarmenena: bi iturri kendu eta lekualdatu dituzte. 

Arriaterako parkearen inguruan zeuden iturriak kendu egin dituzte euri-uren hodia trabatuta zegoelako. Horietako bat komun autogarbitzailearen ondoan kokatu dute, eta dagoeneko martxan dago, Ur Patzuergoak kontagailua jartzea baino ez da falta. Horrez gain, parkean iturri berri bat jartzeko zanga ireki dute, baina oraindino ez da loturarik egin.

Udalerriko beste gune batzuetan ere hainbat moldaketa egin dituzte. Barinatxeko jaitsieratik hurbil zegoen iturria kendu egin dute, haren erabilera desegokia baitzen. Puntu garbiaren ondoko egurrezko eskaileren ondoan dagoen iturria, berriz, orain dela aste batzuk konpondu zuten: inguruko zoladura egokitu zuten, lokatzik pilatu ez dadin.

Bestalde, Atxabiribileko iturburua garbitu du udal brigadak, guztiz buxatuta baitzegoen. Oinarrian zegoen hormigoizko plaka lokatzez estalita zegoen, eta garbitu ondoren, muga perimetral bat jarriko dute iturriaren inguruan, lokatza berriro ere ez pilatzeko. Munarriko iturburuan, berriz, ura gainezka egiten ari zen harri batek irteera oztopatzen zuelako; arazo hori ere konponduta dago. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun