Sopela tentsionatutako eremu izendatu daiteke daborduko

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 23a, 12:09

Udal gobernu taldeak Sopela gune tentsionatu izendatzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari. © SOPELAKO UDALA

Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren azken txostenak (2025eko apirila) jasotzen duenez, Sopelak bete egiten ditu tentsionatutako eremu izendatzeko  baldintzak. Izan ere, azken bost urteetan salerosketa prezioa KPI baino 3 puntu handiagoa izan da, eta, horrek, baldintzak betetzen dituela adierazten du.

Sopelak arazo larria du etxebizitzaren alorrean. 2019an, batez besteko salerosketa-prezioa 250.115 eurokoa zen udalerrian; 2024an, aldiz, 320.798  eurokoa. Hau da, % 28,3ko igoera izan da bost urtean, eta horrek gainditu  egiten du Behatokiak ezarritako %22,4ko muga. Alokairuen kasuan, igoera % 12,6koa izan da (2018an 745,8 euro ziren hilean, eta 2023an, berriz, 839,6 euro), eta etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoa % 25,8koa da. Azken bi datu horiek ez dira nahikoak tentsio-eremu gisa izendatzeko, baina presio ekonomikoaren adierazle esanguratsuak dira. 

Ondorioz, udal gobernu taldeak Sopela gune tentsionatu izendatzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, diagnostikoa, justifikazio-memoria eta  ekintza-plana aurkeztu behar ditu Udalak, eta, jada, enpresa espezializatu bati  esleitu dio azterlana egitearen ardura. Gune tentsionatua izendapenaren bidez, Sopelako salerosketa-prezioak ezingo dira ehuneko zehatz batetik gora igo. 

Arazoari irtenbidea emateko urratsak egiten 

Etxebizitzaren arazoari erantzun bat ematea puntu estrategikoa da Udal gobernu taldearentzat, eta horrela jasota dago bere legegintzaldi planean. Daborduko, hainbat lan-lerro ditu abian Sopelako Udalak, hala nola, lonjak  etxebizitza bihurtzeko ordenantza, Loiola eta Asuko BPE-en sustapenak eta Abaroko sektorearen plan partziala desblokeatzeko ekimena. Sopela gune tentsionatua izendatzeaz gain, Udal Gobernuak Alokabidegaz lankidetza  hitzarmen bat sinatu gura du etxebizitza hutsak mobilizatzeko. 

Guruzne Carrasson Sopelako alkatearen ustez, udalerriko etxebizitza-arazoei  erantzun zehatzak emateko urrats bat gehiago da erabakia: "Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin lankidetza indartzen jarraitu nahi dugu, gazteei eta etxebizitza duina behar duten gainerako  pertsonei bizitza-proiektu bat bermatzeko". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun