Bertan behera utzi dute Sopelako Summer Camp udalekua, ostatuak ez dituelako segurtasun-baldintzak betetzen

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 9a, 10:24

Enpresak erantzukizuna bere gain hartzeko bideak aztertuko dituzte.

Sopelako 13 eta 15 urte bitarteko 18 gazteak eguen arrastian abiatu ziren Sopelatik Arabako Villaluenga herrira, ingelesezko udalekuen programan parte hartzeko asmoz. Bariku goizean, baina, begiraleetako bat udal teknikari bategaz jarri zen harremanetan, eta, kontatu zion, udalekua uztea erabaki zutela, eraikina obretan zegoelako eta ez zituelako segurtasunez jarduteko baldintzak betetzen. 

Udala berehala jarri zen udalekuak kudeatzen dituen enpresagaz harremanetan, eta, haiek, begirale talde berri bat bidaliko zutela jakinarazi zieten. Hala ere, udaleko bi teknikari Villaluengara joan ziren egoera bertatik bertara egiaztatzeko asmoz: eraikina obretan zegoela eta gutxieneko baldintzak betetzen ez zirela ikusi zuten. Gauzak horrela, udalekuak bertan behera uzteko hautua egin zuen Udalak, eta, era berean, familiei egoeraren berri eman ostean, gazte guztiak Sopelara bueltan ekartzea erabaki zuten.

Itzultzerakoan, Guruzne Carrasson alkatea, Itziar Lazaro Kultura zinegotzia eta udal teknikariak familiakaz bildu ziren egoeraren inguruko azalpenak emateko.

Sopelako Udalak eskerrak eman gura dizkie familiei egoera ulertzeagatik eta ustekabeko egoera honen aurrean, arduraz eta prebentzioz jokatzeagatik. Familiei udalekuetako dirua itzuliko zaie. Gainera, udal teknikariek enpresagaz kontratua bertan behera uzteko tramiteak hasiko dituzte, eta enpresak erantzukizuna bere gain hartzeko bideak aztertuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun