Sopelako Udalak eta merkatarien elkarteak hitzarmena berritu dute, tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko

Ander Zarraga 2025ko uzt. 28a, 11:45

Hitzarmenaren sinadura-ekitaldian Mireya Cabañes, elkarteko presidentea, Guruzne Carrasson, Sopelako alkatea, eta Eder Garcia, Toki Garapeneko zinegotzia, izan dira. © SOPELAKO UDALA

Udalak 15.000 euroko dirulaguntza emango dio Sopelako Merkatarien Elkarteari, tokiko garapen ekonomikoa eta herriko merkataritza dinamizatzeko helburuagaz. Hala, aurten, berrikuntza gisa, elkarteak sare sozialen bitartez zabalduko du bere jarduera, @gertusopela kontuaren bidez.

Sopelako Udalak, Toki Garapeneko Sailaren bidez, iaz lehen aldiz sinatu zuen hitzarmena berritu du Sopelako Merkatarien Elkarteagaz. Hala, elkarteak 15.000 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du, tokiko merkataritza sustatzeko antolatutako ekimen eta jarduerak garatzeko.

Arduradunek azaldu dutenez, berritasun nagusietako bat sare sozialen irekiera izango da; izan ere, elkarteak @gertusopela kontua sortu du, eta bertatik emango du bere jardueren berri, hala nola sustapen-kanpainak eta ekitaldien informazioa.

Hitzarmen honen bidez, Udalak eta elkarteak tokiko merkataritza sarearen biziberritzea eta lankidetza publiko-pribatua indartzea bilatzen dutela azpimarratu dute, herritarrei gertuko eta kalitatezko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun