Sopelako Udalak jakinarazi duenez, 14 urtetik beherako herritarrek Sopelbusen doan bidaiatu ahal izango dute uztailaren erdialdetik aurrera. Neurria ekaineko Osoko Bilkuran aho batez onartu zuten, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak bultzatutako mugikortasun jasangarriaren estrategiaren baitan kokatzen da.
Neurria indarrean jartzeko, Udalak tasak arautzen dituen ordenantza aldatu behar izan du. Horri esker, 2025eko martxotik 12 urtetik beherakoek zuten doakotasuna, baina, orain, 14 urtera arte hedatu dute neurria.
Zerbitzua baliatu ahal izateko, Barik txartel pertsonalizatua beharko da. Txartel hori Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bulegoetan eskura daiteke, eta tutore arduradunak eskatu beharko du, onuradunaren argazkia eta NAN edo familia-liburuagaz batera.
Uztailaren 1etik aurrera, gainera, Sopelbus zerbitzu berria martxan dago daborduko: ibilgailu modernoago eta fidagarriagoagaz; hala, udan autobus bi eta bat erreserban eskainiko dituzte, eta neguan, bat zerbitzuan eta bestea erreserban, urte-sasoi bakoitzaren beharretara egokituta. Neurri honegaz, Udalak adierazi du "Sopela irisgarriago eta kohesionatuago baten alde" egiten jarraitu gura duela, gazteen artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko.