Süne, Manny Calavera, Moonshine Wagon, Izaki Gardenak, Airu eta Ziztada & Rlantz arituko dira aurtengo Sopela Kosta Fest jaialdian

Ander Zarraga 2025ko uzt. 30a, 09:42

Musika, kirola eta adin eta publiko mota guztientzako jarduerak egingo dituzte Kosta Fest jaialdian. © SOPELA KOSTA FEST

Udari agur esateko, Sopela Kosta Fest jaialdia antolatu du beste urte batez Sopelako Udalak. Aurten, 12. aldia izango da, eta irailaren 19tik 21era egingo dute ,eta berritasun gisa, Larrabasterrako Urgitxieta plazara lekualdatu dute estreinakoz jaialdia.

Natura, kirola eta musika uztartzen dituen jaialdi honek adin eta publiko mota guztietarako ekintzak biltzen ditu bere egitarauan. Kirolari dagokionez, surfa izango da nagusi; izan ere, EHSF surf txapelketa, kayak surfa eta surf egokitua egongo dira, besteak beste.

Hala ere, bestelako kirol diziplinek ere izango dute lekua, tartean, skatea, ginkanak eta Tai Ji egiteko aukera egongo da. Horiez gainera, askotariko tailerrak, argazki-lehiaketak eta erakusketak zein bisita gidatuak antolatu dituzte, beste kontu batzuen artean. Toki Garapen Sailak bultzatuta, Surf & Skate Market-a ere egingo dute bigarren aldiz.

Dena den, musika izango da Sopela Kosta Festeko protagonista nagusiena. Hala, aurten, Süne, Manny Calavera, Moonshine Wagon, Izaki Gardenak, Airu eta Ziztada & Rlantz taldeen kontzertuez gozatzeko aukera egongo da.

Izen-emateak datozen asteetan jarriko dituzte martxan, eta informazio guztia sopelakostafest.eus atarian eta jaialdiaren sare sozialetan egongo da eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun