Kurene Pala Proam: Sopelako frontoia berriro piztuko da irailaren 8tik aurrera

Iker Rincon Moreno 2025ko abu. 19a, 10:04

Iker Gordon, palagaz jolasten, artxiboko irudian. © IKER GORDON

Sopelako udal-pilotalekuak palazaleen bihotzak berotuko ditu berriro ere irailaren 8tik aurrera. Udalerriko Kurene Pilota Elkarteak, Sopelako Udalaren babesagaz, Kurene Pala Proam txapelketa antolatu dute, iaz Sopela Pala Pro lehiaketaren bidez hasitako bideari jarraipena eman eta modalitateari bultzada berria emateko asmoz.

Guztira zortzi pilotari arituko dira: kontratua amaitu duten lau profesional (Iker Gordon, Esteban Gaubeka, Jagoba Madariaga eta Ibai Perez) eta Euskal selekzioaren aurrehautuan dauden lau bizkaitar (Ibon Garate, afizionatu mailako txapeldun Imanol Ibañez eta Gatikako Artepe klubeko Iker Sarria eta Xabi Ceni). Hasiera batean Fusto ere parte hartzekoa zen, baina, Argentinan dagoenez, ezin izango du jokatu.

Txapelketa irailaren 8an hasiko da, eta astelehenero partida bi jokatuko dituzte arrastiko 19:30etik aurrera. Ligaxka sisteman, aurrelari bakoitzak hiru atzelari desberdinakaz jokatuko du, eta alderantziz ere bai. Ligaxkako jardunaldiak irailaren 8, 15 eta 22an izango dira; finala, berriz, irailaren 29an, puntu gehien batu dituzten bi bikotek jokatuko dute.

Horrez gain, txapelketak Kurene Saria izango du: pilotalekuan eta pilotalekutik kanpo palaren baloreak hobekien ordezkatzen dituen pilotariarentzat.

Sarrerei dagokienez, ligaxkan 5 euro balioko dute; finalean, aldiz, 10 euro. Txapelketa osorako bonu berezia ere egongo da, 20 eurotan. Bonuak abuztuaren 23tik aurrera salgai egongo dira Sopelako frontoian, eta partida egunetan sarrerak txarteldegian erosi ahal izango dira.

Kureneko antolatzaileek azpimarratu dute ilusio handiz prestatu dutela hitzordua: “Ilusio handia jarri dugu txapelketa honetan, eta palaren egoera nola dagoen jakinda, denon artean ea beste bultzadatxo ematen diogun hainbeste maite dugun jokamoldeari, benetan behar duelako eta".

Pilotazaleek, beraz, badute hitzordua: Sopelako udal-frontoian, irailaren 8tik aurrera, palarik onena bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun