Behin betiko onartu dute Sopelako erabilera publikoko guneetan terrazak jartzea arautzen duen udal-ordenantza

Nahia Martinez Gondra 2025ko abu. 20a, 09:57

Erabilera publikoko eremuak Sopelan, artxiboko irudia.

Abuztuaren 13an, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (153. zk.) argitaratu da terrazei buruzko ordenantzaren behin betiko onarpena, Sopelako Udalak uztailaren 29ko Osoko Bilkuran onartu zuena. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko onartu da Sopelako erabilera publikoko eremuetan terrazak jartzea arautzen duen udal-ordenantzaren testuaren azken idazketa. Hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun baliodun igarotakoan jarriko da indarrean, irailaren 5ean. Kontsultatu hemen ordenantza.

Eguneratutako ordenantzak oinarrizko hainbat alderdi bildu ditu: irisgarritasuna, instalazioen eta egituren segurtasuna, eta tabernek zein kafetegiek aire zabalean kontzertuak antolatzeko baldintzak. Mikel Tapia Hirigintzako zinegotziaren hitzetan, tokiko ostalaritza indartu behar dute baina, era berean, "herritarren atsedena, elkarbizitza eta ongizatea ere errespetatu behar dira”.

Neurri nagusien artean, debekatu egiten da baimenduta ez dauden elementuak jartzea, irisgarritasuna eta herritarren segurtasuna bermatzeko eta gune publikoa era desegokian okupatzea saihesteko. Alde horretatik, uneoro, oinezkoentzako bide irisgarria eta oztoporik gabekoa bermatu beharko da fatxadaren ondoan. Babes-egiturak eta antzeko elementuak ainguratzeko segurtasun-neurri espezifikoak ere jasotzen dira.

Era berean, ordenantza honek, lokalen kanpoaldean kontzertuak egiteko baldintzak arautzen ditu. Barnealdean, dagokien lizentzia duten establezimenduetan bakarrik egin ahal izango dira kontzertuak. Legegintzaldi hasieran, Alkatetzaren agindu baten bidez arautu zen kontzertuak antolatzeko aukera. Horren bitartez, ostalaritza-establezimenduek urtean 12 kontzertu egin ditzakete (gehienez, bi kontzertu hilabeteko), gehienez 3 ordukoak —soinu-probetarako ordu erdia barne— ordutegi honetan: 11:30etik 15:00etara eta 17:30etik 22:00etara.

Terrazen lizentziei dagokienez, araudiak ezartzen du jardueraren titularraren izenean emango dela lizentzia. Gainera, establezimenduaren titulartasuna aldatzen den kasuetan, lizentzia automatikoki pasako zaio titular berriari. Halaber, aldez aurreko baimenik gabe terraza jartzea establezimenduaren jabearen ardura zuzena izango da. Horrez gain, debekatuta dago espazio publikoan altzariak biltzea; ondorioz, lanaldia amaitzean, mahaiak, aulkiak eta gainerako elementuak kaleetatik kendu beharko dira.

Herritarren parte-hartzea eta berme guztiak dituen prozesua

Zehazki, 2024ko azaroan hasi ziren ordenantza berria lantzen, herritarren, eragile sozialen eta ostalaritza-establezimenduen iritzia jasotzeko kontsulta publiko bat eginez.

Ondoren, informazio- eta parte hartze-fase bat ireki zen. Lehen zirriborro bat egin zen indarrean dagoen ordenantza eta jasotako ekarpenak oinarri hartuta. Otsailean, herritarrentzako bi tailer ireki egin ziren, eta bertan bildutako ideiak eta ekarpenak parte-hartze txosten batean jaso ziren. Hortik abiatuta osatu zuten ordenantzaren zirriborroa: apirilaren hasieran argitaratu zuten Udaleko webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun