Aritza Goikoetxea Kurene Pilota Elkarteko lehendakaria, Patxi Ziskar elkarteko kirol zuzendaria eta Unai del Burgo Sopelako Udaleko alkateordea izan dira gaur egin duten aurkezpenean, eta azaldu dutenez, jaialdiak helburu bikoitza du: palista profesionalen egungo "egoera zaila" arintzea eta Sopelako frontoia berriz ere jendez betetzea. Hala, iaz Sopela Pala Pro lehiaketak abiatutako bideari jarraituz, lehendabiziko Kurene Pala Proam txapelketak frontoia berriz ere beteko duelakoan daude antolatzaileak.
Norgehiagoka hurrengo astelehenean hasiko da, eta ligaxkako hiru jardunaldi jokatuko dituzte jarraian: irailaren 8an, 15ean eta 22an. Partida guztiak 19:30ean jokatuko dituzte, eta, finala 29an lehiatuko da.
Guztira zortzi pilotari arituko dira: kontratua amaitu duten lau profesional (Iker Gordon, Esteban Gaubeka, Jagoba Madariaga eta Ibai Perez) eta Euskal selekzioaren aurrehautuak izan diren lau bizkaitar (Ibon Garate, afizionatu mailako txapeldun Imanol Ibañez eta Gatikako Artepe klubeko Iker Sarria eta Xabi Ceni).
Txapelketak Kepa Arroitajauregi Munduko Pilota Batzarreko zuzendari teknikoak proposatutako sistema jarraituko du. Honela azaldu du Ziskarrek lehiaketaren egitura: "Aurrelari bakoitzak hiru atzelari desberdinekin jokatuko du, baina ez dute aurrelarietako baten aurka jokatuko, eta atzelariak ere berdin: hiru aurrelari desberdinekin jokatuko dute eta atzelari baten kontra ez. Partida guztiak buelta batera izango dira eta 15 tantotako bi set izango dituzte; behar izatekotan, 10 tantotako hirugarren bat ere izango da".
Gainera, txapelketak Kurene Saria ere izango du: pilotalekuan eta pilotalekutik kanpo palaren baloreak hobekien ordezkatzen dituen pilotariarentzako.
Txapelketa osorako bonoa 20 euroren truke eskuratu daiteke. Halere, partida bakoitzerako sarrerak ere salgai jarriko dituzte partida egunean bertan: 5 eurora ligaxkan, eta 10 eurora finalean.
Palaren presentzia indartzeko helburua
"Palak gure herrian duen presentzia aitortzeaz gain, kirol modalitate honi bultzada bat ematea da gu guztion asmoa", adierazi du Del Burgok. "Palak egun duen egoera kontuan izanda, bereziki pozgarria da txapelketa hau antolatzea Sopelan", gaineratu du, eta erantsi du iaz hasitako bideari jarraipena eman gura diotela, frontoia berriz ere astelehenero zalez bete dadin.
Ildo berean, Goikoetxeak elkartearen lana azpimarratu du eta eskerrak eman dizkie palistei parte hartzeko prest egoteagatik. "Pala profesionaleko txapelketarik ez dugu izan aurten, baina ez genuen nahi Sopela palarik gabe geratzea; uste dugu egoera konponduko dela, baina guk gure ahalegina ere egin nahi genuen palista profesionalei laguntzeko", nabarmendu du.