Irailaren 15ean hasiko da herritarrei zuzendutako Sopelako deskontu-bonuen kanpaina

Nahia Martinez Gondra 2025ko ira. 3a, 13:43

Deskontu-bonuen kanpaina irailaren 15ean hasi, eta azaro amaierara arte luzatuko da. © SOPELAKO UDALA

Deskontu-bonuen kanpainari beste buelta bat emateko asmoz, Sopelako 23 saltokik parte hartu dute deskontu-bonuen kanpainaren diseinuan, prozesu parte hartzaile baten bitartez. Maiatzetik ekainera, hiru lan saio egin zituzten, iazko kanpainan hobetu beharreko alderdiak identifikatu eta aurtengo kanpaina elkarlanean diseinatzeko.

Toki Garapen Sailak epe luzerako ikuspegia mantendu gura du kontsumo ohiturei dagokienez, eta tokiko merkataritzan ohiko kontsumoa sustatu. Era berean, kanpainaren diseinua eraldatu gura izan da, Sopelako merkataritza irekita, bizirik eta elkartuta egon dadin, eta saltokiak eurak protagonistatzat jarriz: elkar entzunez eta modu bateratu eta horizontalean eraikiz. Azken lan-saioan, "Roleplay" metodologiaren bidez probatu zuten kanpaina, eta erabiltzaileei aukera eman zitzaien, ingurune erreal batean, produktu edo zerbitzuagaz elkarreraginean ari balira bezala jokatzeko.

Uztailaren 1ean aurkeztu zieten Sopelan... puntuz puntu! Sopelako merkataritza sare osoari, eta dagoeneko amaitu da kanpainara atxikitzeko epea. Kanpainagaz bat egin duten saltokiek aurrez aurreko formakuntza saio bat jasoko dute, eguen honetan, irailaren 4an, 14:30ean, Kurtzio kultur Eexean. Deskontu-bonuen kanpaina irailaren 15ean hasi, eta azaro amaierara arte luzatuko da. Hala ere, zozketako irabazleek, abenduaren 13ra arte izango dute bonuak trukatzeko aukera. Lehen astean, herritarrentzako informazio-gune ibiltari bat jarriko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun