Irailaren 8an Sopela Integra programa hasiko dute lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko xedeagaz

Nahia Martinez Gondra 2025ko ira. 4a, 13:16

Lana bilatzeko prozesua bizkortzea edo bultzada bat ematea izango da helburua. © SOPELAKO UDALA

Datorren astelehenean, irailaren 8an, Sopela Integra programa jarriko dute martxan estreinako aldiz. Lan-merkatura sartzeko zailtasunik handienak dituzten pertsonei eta langabezian daudenei zuzendutako laguntza-programa espezializatu eta taldekoa izango da. Interesa izanez gero, idatzi sopela@aldalan.com helbide elektronikora.

Langabezian denbora luzean dauden pertsonei, teknologia eskuratzeko zailtasunak dituztenei, hizkuntza zailtasunak dituzten migratuei eta gizarte eta lan arloko laguntza behar duten pertsonei zuzenduta dago lehenengo ibilbidea.

Bi talde trebakuntza eta banakako bi orientazio saio jasoko dituzte hilean, irailetik ekainera. Talde honetan, itxaron-zerrenda dago. Era horretara, lan-merkatura sartzeagatik edo bestelako arrazoiren bategatik plazak hutsik geratzen badira, beti bermatuko da plazak beteta daudela.

Honen bitartez, Toki Garapen sailak, arreta berezia jarri gura izan du lan-merkatura sartzeko zailtasunik handienak dituzten pertsonengan: langabezian denbora luzea daramatenengan edo bazterkeria kasuetan daudenengan.

Bigarren taldea, berriz, urriaren 13an elkartuko da estreinakoz, eta langabezian edo lan hobekuntzan dauden pertsonak elkartuko dira, teknologia eta hizkuntza menperatzen dituztenak. Lana bilatzeko prozesua bizkortzea edo bultzada bat ematea izango da helburua. Hiru trebakuntza saio eta banakako bi orientazio saio jasoko dituzte, urrian eta martxoan.

Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: “Programa honen bitartez, 30 parte hartzaileek entzunak izateko eta konfiantzazko espazioak sortzeko aukera izango dute, talde baten parte direla igarriko dute, eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa lortzen laguntzeko gakoak emango zaizkie”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun