Inauguratu dute Kurene Pala Proam txapelketako lehia handia!

Iker Rincon Moreno · Nahia Martinez Gondra 2025ko ira. 9a, 11:29

© HERRIETAKO

Joan den irailaren 8an abiatu zuten Sopelako Kurene Pilota elkarteak antolatutako Kurene Pala Proam txapelketa bizia, eta hurrengoak izan ziren bikoteen arteko partiden emaitzak: Gaubeka-Perez vs Garate-Ceni (15-12 / 13-15 / 10-8) eta Sarria-Gordon vs Jagoba-Imanol (5-15 / 3-15). Herrietako-ek Youtuben zuzenean grabatutako partida saioa ikus daiteke hemen. Hurrengo jardunaldiak hilaren 15 eta 22an izango dira; finala, berriz, irailaren 29an, eta puntu gehien batu dituzten bikote biek jokatuko dute. 

Sopelako udal-pilotalekua bizi-bizi dabil egunotan. Izan ere, udalerriko Kurene Pilota Elkarteak, Sopelako Udalaren babesagaz, Kurene Pala Proam txapelketa antolatu dute, iaz Sopela Pala Pro lehiaketaren bidez hasitako bideari jarraipena eman eta modalitateari bultzada berria emateko asmoz. Atzo abiatu zuten norgehiagoka, eta astelehenero partida bi jokatuko dituzte arrastiko 19:30etik aurrera, irailaren 22ra arte; hilaren 29an, berriz, finala jokatuko dute puntu gehien batu dituzten bikote biek.

Guztira zortzi pilotari arituko dira: kontratua amaitu duten lau profesional –Iker Gordon, Esteban Gaubeka, Jagoba Madariaga eta Ibai Perez– eta Euskal selekzioaren aurre hautatuta dauden lau bizkaitar –Ibon Garate, afizionatu mailako txapeldun Imanol Ibañez eta Gatikako Artepe klubeko Iker Sarria eta Xabi Ceni–. Hasiera batean, Fusto ere parte hartzekoa zen, baina, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Argentinan dagoenez, ezin izango du jokatu.

Txapelketak Kepa Arroitajauregi Munduko Pilota Batzarreko zuzendari teknikoak proposatutako sistema jarraituko du. Honela azaldu du Patxi Ziskar Kureneko kirol zuzendariak lehiaketaren egitura: "Aurrelari bakoitzak hiru atzelari desberdinekin jokatuko du, baina ez dute aurrelarietako baten aurka jokatuko, eta atzelariak ere berdin: hiru aurrelari desberdinekin jokatuko dute eta atzelari baten kontra ez". Partida guztiak buelta batera izango dira eta 15 tantotako bi set izango dituzte; behar izatekotan, 10 tantotako hirugarren bat ere izango da.

Txapelketak, gainera, Kurene Saria izango du, pilotalekuan eta pilotalekutik kanpo palaren baloreak hobekien ordezkatzen dituen pilotariarentzat.

Sarrerei dagokienez, ligaxkan 5 euro balioko dute; finalean, aldiz, 10 euro. Txapelketa osorako bonu berezia ere egongo da, 20 eurotan. Bonuak abuztuaren 23tik aurrera salgai daude Sopelako frontoian, eta partida egunetan sarrerak txarteldegian erosi ahal izango dira.

Kureneko antolatzaileek azpimarratu dute ilusio handiz prestatu dutela hitzordua: "Ilusio handia jarri dugu txapelketa honetan, eta palaren egoera nola dagoen jakinda, denon artean ea beste bultzadatxo ematen diogun hainbeste maite dugun jokamoldeari, benetan behar duelako eta". Ildo horretan, Aritza Goikoetxea Kurene Pilota Elkarteko lehendakariak elkartearen lana azpimarratu du eta eskerrak eman dizkie palistei parte hartzeko prest egoteagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun