Sopelako Udalak 80.000 euro bideratuko ditu herritarrei zuzendutako deskontu bonuetara, tokiko merkataritza sustatzeko asmoz

Nahia Martinez Gondra 2025ko ira. 10a, 10:03

Izen-emateak errazteko, irailaren 15etik 20ra informazio gune ibiltaria jarriko dute Sopelan.

Sopelako Udaleko Toki Garapen Sailak irailaren 15ean abiatuko du “Sopelan... puntuz puntu!” deskontu bonuen kanpaina.  Udalerriko merkataritza-sektorearekin batera diseinatu da kanpaina, eta 80.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak, herritarrak hurbileko komertzioetan erostera sustatzeko helburuagaz. Informazio guztia  webgunean egongo da eskuragarri. Irailaren 15etik aurrera egongo da martxan.

Deskontu-bonuen kanpainari beste buelta bat emateko asmoz, Sopelako 23 saltokik parte hartu dute deskontu-bonuen kanpainaren diseinuan, prozesu parte hartzaile baten bitartez. Maiatzetik ekainera, hiru lan saio egin zituzten, iazko kanpainan hobetu beharreko alderdiak identifikatu eta aurtengo kanpaina elkarlanean diseinatzeko. Merkataritza sektoreak berak asmatu du kanpainaren izena: “Sopelan... puntuz puntu!”. Denera, 35 komertzio batu dira ekimenera.

Gastatutako euro bakoitzak puntu bat balioko du, eta pilatutako 40 puntu bakoitzeko, 10 euroko deskontua egingo da. Deskontu hori, hurrengo erosketan erabili ahal izango da. 10 euroko deskontuak 60 eurora arte pilatu ahal izango dira gehienez.

Ohiko deskontu bonuen sistemak berrikuntza bat izango du: puntuak pilatzen jarraitu ahal izango da 60 euroko bonuak gastatu ondoren ere. Puntu gehigarri horiei esker, bi astean behin egingo diren zozketetan parte hartzeko aukera egongo da: 10 euroko 20 bonu banatuko dira une horretan puntu gehien pilatu dituzten 100 herritarren artean. Irailaren 26an, urriaren 10ean eta 24an, azaroaren 7an eta 21ean egingo dira zozketak.

Bestalde, kanpaina dinamizatzeko asmoz, hainbat establezimendutan erosketak egin dituzten herritarrak sarituko dira. Bost saltoki desberdinetan erosketak egiten diren aldiro, 25 puntu extra jasoko dituzte erosleek.

Kanpainari amaiera biribila emateko, zozketa handi bat egingo da azaroaren 28an, puntu gehien bildu dituzten 50 pertsonen artean. Hamar sari banatuko dira: 300 euroko sari bat, 200 euroko bi, 100 euroko hiru eta 50 euroko lau. Sari guztiak 50 euroko bonuetan emango dira, eta abenduaren 13ra arte trukatu
ahal izango dira 50 euroko erosketetan, egun hori barne. Irabazleen izenak Udaleko sare sozialetan argitaratuko dira.

Aplikazio digitala eta informazio puntua

Kanpainak web aplikazio bat izango du. Herritarrek puntu eta bonuak uneoro kontsultatu ahal izango dituzte bertan, baita atxikitako saltokien mapa ikusi, zozketak jarraitu eta puntu gehigarriak emango dizkieten dinamiketetan parte hartu ere. Eten digitalari aurre egiteko, erabiltzaileek sortutako bonuak
inprimatu eta erosketetan erabili ahal izango dituzte. Gainera, Toki Garapen Saileko langileak herritarrei arreta emateko prest egongo dira kanpainak irauten duen egunetan.

Izen-emateak errazteko, irailaren 15etik 20ra informazio gune ibiltaria jarriko dute Sopelan. Astelehenetik eguaztenera, barikuetan eta zapatuetan 12:00etatik 14:00etara egongo da irekita, eta ostegunean 18:00etatik 20:00etara. Informazio puntua udaletxearen inguruan egongo da kokatuta
egunero,zapatuetan izan ezik: Urgitxieta plazan egongo da, Larrabasterran. Informazio guztia  webgunean egongo da eskuragarri. Irailaren 15etik aurrera egongo da martxan webgunea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun