Jaialdiaren hasiera irailaren 18an izango da, Thomas Campbell zinegile ospetsuaren Yi-Wo dokumentalaren estatu mailako estreinaldiagaz. Artistak hamar urtez egindako lanaren emaitza den film hau surfaren inguruko ikuspegi erritual eta poetiko bat da, Fiyi, Maroko, Indonesia, Costa Rica, Australia, Utah, Hawai eta Kalifornian grabatua. Proiekzioaren ostean, zuzendariagaz solasaldia egingo dute Kurtzio kultur etxean. Ekitaldia doakoa da, baina gonbidapena beharrezkoa da.
Ondorengo egunetan, jarduera ugarik osatuko dute egitaraua. Kontzertuak izango dira Urgitxieta plazan, Manny Calavera, Izaki Gardenak, Süne edo Moonshine Wagon bezalako taldeakaz. Surf & Skate Market azokak bertako enpresen eskaintza erakutsiko du, eta haur zein familientzako tailerrak ere egingo dira: harea eskulturak, mandalak margotzea, fosilen ibilbide berezia edo itsas zaborren bilketa, Surfrider Foundation-en eskutik.
Kirol lehiaketek ere protagonismo berezia izango dute: Euskal Surf Zirkuituaren eta Euskal Herriko Txapelketaren bigarren proba, beteranoen surf txapelketa, kayak-surfa eta waveski modalitateak Barinatxe eta Arriatera hondartzetan. Horrez gain, mugikortasun urriko pertsonek egokitutako surf ikastaroetan parte hartu ahal izango dute.
Halaber, eraztun Berdeari buruzko bisita gidatuak eta argazki erakusketak gure inguruko altxor naturalak ezagutzeko aukera eskainiko dute. Bestalde, gauez ere izango da ekintzarik: “Natur Gaua” Barinatxen ospatuko da, kopeta-argiakaz hondartza esploratuz.
Kultura arloan, nabarmentzekoa da La Banda Teatro Circo konpainiaren Yugen kale ikuskizuna, zirku garaikidea eta ekialdeko filosofia uztartzen dituen proposamen poetikoa.
Gainera, jaialdiak surf ikastaroetarako deskontu bonuak eskainiko ditu, eta irailaren 20tik 21era Sopelako V. Argazki Lehiaketaren erakusketa ikusi ahal izango da, UK FOTO elkartearen eskutik.