Sopela Garatu proiektua aurkeztu du Udalak tokiko negozioei laguntzeko asmoz

Nahia Martinez Gondra 2025ko ira. 16a, 10:59

Sopela Garatu programa. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak Sopela Garatu jarri du martxan, udalerriko negozioei zuzendutako dirulaguntza programa. Lehen Sope-Lan izenez ezagutzen zen, baina orain, hori hobetu egin dute; izan ere, beste dirulaguntza batzuen baterako berrikuspena gehitu zaio; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako MEC (Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko) programa. Informazio gehiago, dokumentazioa eta deialdiaren xehetasun guztiak Udalaren webgunean daude eskuragarri.

Bi laguntza lerro daude. Alde batetik, Sopela Sustatzen, Sopelan merkataritzaren, ostalaritzaren eta enpresaren arloan negozio sorkuntza finantzatzeko dirulaguntzak. Enpresa-proiektu horiek 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte jarri beharko dira martxan, biak barne.

Bestetik, Sopela Berritzen, saltokiak, ostalaritza, enpresa txikiak, mikroenpresak eta autonomoak berritzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko udal-dirulaguntzak. Berritasun gisa, laguntzaren zenbatekoa 2.000 eurotik 3.000 eurora igo dute, eta jardueraren bigarren urtetik aurrera eskatu ahal
izango da. 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte (biak barne) egindako inbertsioak finantzatuko dira.

Deialdia irailaren 19an argitaratuko da BAOn. Interesa duten horiek, irailaren 20tik urriaren 10era arte eskatu ahal izango dute, Udalaren egoitza elektronikoan sartuta, edota Udalean bertan, era presentzialean. Laguntza lerro bakoitzak 35.000 euroko aurrekontua du. Eskaera bakoitzeko, gehienez, 3.000 euroko dirulaguntza emango da, proiektuaren %75, gehienez, eta bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzako MEC (Merkataritza Establezimenduen Modernizazioa) dirulaguntzarekin.

Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: "Negozio bat sortzea eta mantentzea ez da batere erraza, eta Toki Garapeneko sailetik Sopelako ekoizpen-sareari laguntzen jarraitu nahi dugu. Horregatik, dirulaguntza eskatzeko baldintzak hobetu ditugu, eta Sopela Berritzen-en zenbatekoa handitu dugu, 2.000 eurotik 3.000 eurora. Gainera, orain, jardueraren bigarren urtetik aurrera eskatu ahal izango da, hirugarrenetik aurrera eskatu beharrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun