Kurtzio Kultur Etxea Sopelako kulturaren erdigune da zalantza barik. 2024ko programazioak 9.393 ikusle erakarri zituen, aurreko urtearekiko % 30eko igoeragaz, eta, guztira, 91 proposamen eszeniko eskaini zituen. Antzerkia, musika, dantza, zinema eta familientzako jarduerak uztartu zituen programazioak areto txiki hau kultur erreferente bilakatu du Sopelan.
Antzerkia izan da programazioaren oinarri nagusia, 32 ikuskizun programatu zituzten, euskarazko proposamen askogaz, baina, arduradunek azpimarratu dutenez, musika eta dantzak ere gorakada handia izan dute. Azaldu dutenez, dantza, duela urte gutxi diziplina minoritarioa zen, baina, gaur egun indartsu dago, erakundeen laguntzari eta publikoaren harrerari esker.
Horregaz batera iragarri dute Urriaren 9an hasiko den denboraldi berriak eskaintza zabala ekarriko duela: La Reina del Arga eta Calla y come antzezlanak; azken honetan, Nacho Gomez aktore sopeloztarrak parte hartuko du. Dantza ikuskizunak Osa & Mugika eta Dantzaz konpainien eskutik etorriko dira, eta familientzako bost saio ere egingo dituzte.
Musikak ere protagonismo berezia izango du, Urepel, Lagun Artea, UKEM, Erromintxelak taldeen emanaldiakaz eta gospel saio bategaz.
Kurtzio Kultur Etxeko arduradunek azpimarratu dutenez, "kultura ez da soilik asistentzian neurtzen; komunitatea eta pentsamendu kritikoa sortzeko gaitasuna da gure benetako indarra. Gure erronka orain da publiko berriak erakartzen jarraitzea eta epe luzeko kultur proiektua sendotzea".