Sopelako Bultzubideko egurrezko pasabidea berritzeko lanak abiatu dituzte

Ander Zarraga 2025ko urr. 9a, 11:41

Udalak ohartarazi du lanak "konplexuak" izango direla, eta hori dela eta, eragozenak eragingo dizkietela inguruko bizilagunei. © SOPELAKO UDALA

Metroko trenbidea zeharkatzen duen Bultzibideko egurrezko pasabideko erdi-tentsioko eta zuntz optikoko linea desbideratzeko lanak hasi dituzte aste honetan. Lanek bost asteko epea izango dute, eta Sopelako Udalak jakinarazi duenez, Olazubi kaleko irteera itxita egongo da hilaren 15era arte.

Linea elektrikoa eta zuntz optikoa desbideratu ondoren, egungo egurrezko pasabidea eraitsiko dutela azaldu du Udalak. Obra hori esleituta dagoela ere jakinarazi dute, eta astebeteko egikaritze-epea du; beraz, azaroaren amaierarako eraitsita egongo dela uste dute.

Linea elektrikoa desbideratzea eta egungo pasabidea eraistea Metro Bilbaoko eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) zerbitzu teknikoek berrikusi dituzte, eta orain, trenbidearen eragin-eremuan lan egiteko baimena baino ez da falta, eta aste honetan bertan iristea espero da.

Pasabide berria egiteko obraren kontratazioa, ordea, pleguak idazteko fasean dago egun; hau da, Udala lan hauen kontratazioa prestatzen ari da. Metro Bilbaoko eta BGPko teknikariak proiektua berrikusten ari dira, onartu ahal izateko eta egungo pasabidea ordezteko prozesuari amaiera emateko.

Lan hauen hasiera dela eta, Olazubi kaleko irteera itxita egongo da urriaren 9an, 10ean, 13an, 14an eta 15ean. Garajeetara eta aparkalekuetara sartu ahal izateko, Bultzibide kaleko bi noranzkoetako zirkulazioa baimenduko da, eta kale horretako azken aparkalekua egokituko da maniobrak egiteko puntu gisa.

Obra konplexua eta garestia

Udaleko iturriek adierazi dute Bultzibideko egurrezko egungo pasabidea eraisteko eta ordezteko prozesu hau denboran luzatu dela, eta, atzerapen horrek, "kalte handia eragiten diela udalerriko bizilagunei eta, bereziki, Olabideko eta Lizarreko auzokideei".

Egin beharreko lanak konplexuak direla ere azpimarratu dute, metroaren trenbidearen gainean egin behar direlako, eta, horrez gainera, erakunde publikoen eta enpresa pribatuen arteko koordinazioa behar delako, hala nola Iberdrola, BGP, Metro Bilbao eta Sopelako Udala, proiektuaren faseak onartu eta gauzatzeko; izan ere, hainbat betebehar exijitzen dituen proiektua da: linea elektrikoa eta zuntz optikoa desbideratu, egungo pasabidea eraitsi eta pasabide berria jarri. Lan horiek guztiek, denera, 650.000 euroko finantzazioa dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun