Beste urte batez, Sopelako musika eskolak prestakuntza osoa eta mailakatua eskainiko du, lau mailatan antolatuta: aurretiazko jakintza maila, oinarrizko jakintza musika mintzaira, espezialitate-finantzamendua eta espezialitatearen hobekuntza. Zortzi urtetik aurrera, ikasleek musika tresnak ere aukeratu ditzakete.
Aurten, gainera, eskaintza handitu ere egin dute, izan ere saxofoia, bibolina, txeloa, biola, teklatua, txistua, silbotea, atabala, trikitia, panderoa, ahots-musika, kantu klasikoa eta modernoa, gitarra, ukelelea, gitarra elektrikoa, baxua, bateria eta xilofonoa izango dituzte aukeran.
Berrikuntza gisa, musika eskolak egitasmo berezi bat jarriko du abian aurten: 60+ musikarekin gozatuz. Horretan, 60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako tailerrak egingo dituzte, eta, egitasmoaren helburua, musikaren onurak kontuan hartuta, 60 urtetik gorakoen ongizatean positiboki eragitea da. Izan ere, azaldu dutenez, musikak gizakiaren burmuina estimulatzen du eta onura mentalak, intelektualak, fisikoak zein sozio-emozionalak eragiten ditu. Egitasmo honetan, musikaren bitartez, parte-hartzaileakaz hainbat ekintza egingo dituzte era ludiko eta aktibo batean. Bi talde egongo dira, goizez eta arratsaldez: eguaztenetan, 12:00etatik 13:00era edo 19:30etik 20:30era.
Horrez gain, adin guztietarako talde eta tailer eskaintza ere izango dute: talde instrumentalak, konboak, eta abesbatza, kasurako. Konboak astelehenetan izango dira. Musika ikasten hasi edo jarraitu gura duten helduentzat ere hainbat aukera eskainiko dute.