Enekok ez die kasurik egiten semaforoei. Berehala lortu nahi ditu gauzak eta, horregatik, semaforoak oztopo bat dira berarentzat. Amets izeneko ezezagun batek bizitza lasaiago hartzeko eta gehiago jolasteko proposamena egingo dio. Baina Enekok ez dio kasurik egingo eta, behin, semaforoa gorrian dagoela, bidea zeharkatu eta ziztuan igaroko den argi erraldoi batek, ia-ia bertan irentsiko du. Sustoarekin ametsezko mundu batean sartuko da eta semaforoko pertsonaiek bizia hartuko dute, abentura dibertigarri bat proposatzeko. Baina Enekok ez daki zer egin, lehen bezala jarraitu ala semaforoko izakitxoek proposatzen diotena egin.
Semaforoa antzezlan multimedia bat da, antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika biltzen dituena.
Logela Multimedia konpainiak zuzeneko ikuskizun bihurtzen ditu ekoizpen digitalak. Sormen prozesu honetan hainbat diziplina lantzen ditu: animazioa, interakzioa, diseinua, musika…
Aurten ere Social Antzokiko agertokira igoko dira Semaforoa azken lanarekin gozatzeko.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!