"Sopelan... puntuz puntu!" kanpainak ia 1.800 erabiltzaile eta bonuen erdiak agortu ditu, bukatzeko bi hilabete falta direnean

Ander Zarraga 2025ko urr. 21a, 13:06

Parte-hartzaileek azaroaren 28era dute arte puntuak pilatzeko eta abenduaren 13ra arte bonuak erabiltzeko aukera izango dute. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalaren eta bertako merkatarien arteko elkarlanari esker, tokiko kontsumoa sustatzeko ekimenak arrakasta handia lortu du, eta, oraindino, abenduaren 13ra arte egongo da indarrean.

Sopelan... puntuz puntu! deskontu-bonuen kanpainak 1.796 erabiltzaile erregistratu ditu, eta daborduko bonuen % 40 inguru gastatu dira, kanpaina amaitzeko bi hilabete falta direnean. Udalaren Toki Garapen Sailak eta Apitropik enpresagaz diseinatutako ekimenak tokiko merkataritza indartu eta erosle leialak saritzea du helburu, puntu-sistema eta zozketa ugarien bidez.

Irailaren 15ean abiatutako kanpainak Sopelako 35 saltoki batu ditu, eta horietako askok daborduko bonuen erdiak agortu dituzte. Parte hartzeko, herritarrek www.sopelanpuntuzpuntu.eus webgunean erregistratu behar dute, non pilatutako puntuak, bonu erabilgarriak eta zozketen emaitzak kontsulta daitezkeen.

Kanpainaren azken zozketa azaroaren 28an egingo dute, eta guztira 1.200 euro banatuko dituzte sarietan. Aurretik, urriaren 24an, azaroaren 7an eta 21ean egingo dituzte tarteko beste zozketak, 10 euroko 40 bonu banatuko dituztenak. Gainera, bost saltoki desberdinetan erosiz gero edo tokiko kontsumoari buruzko testa betez, parte-hartzaileek puntu gehigarriak lortuko dituzte, lehiakortasuna eta parte-hartze aktiboa sustatuz.

Toki Garapeneko zinegotzi Eder Garciak azpimarratu du kanpaina herritarrak eta merkatariak babesteko tresna eraginkorra dela: "Kanpaina osoan zehar, komertzioek zein herritarrek lagunduta daudela sentitzea nahi dugu. Zailtasun digitalak dituzten pertsonek bonuak paperean eskuratu ditzakete, eta establezimenduek laguntza zuzena dute gure sailaren bitartez".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun