Sopelako Udalak eta Alokabidek alokairu publikoa sustatzeko hitzarmena sinatu dute

Izaro Garcia 2025ko urr. 29a, 09:14

Sopelako erdigunea. © SOPELAKO UDALA

Urriaren hasieran Sopelako Udalak konpromiso formal bat ezarri zuen Etxebizitza Saila eta Alokabidegaz lankidetzan aritzeko. Hitzarmenaren bidez, etxebizitza hutsa mobilizatzea sustatzeagaz batera, bertoko etxebizitzen prezioa ere merkatu gura da.

Sopelako herritarrei alokairu publikoko etxebizitza duina eta egokia eskuratzeko bide horretan, Udalak urtero informazio kanpaina bat egin beharko du udal-komunikabideen bitartez Alokabidek etxebizitza hutsak mobilizatzeko dituen bi programei buruzko informazioa emateko; hots, Bizigune eta ASAP programak.

Mikel Tapia Sopelako Udaleko Hirigintza zinegotziaren arabera, Sopelan dagoen etxebizitzen arazoa "larria" da. Hori dela eta, "beharrezkoa da esku-hartze publiko ausarta, hutsik edo jenderik gabe dauden etxebizitza horiek benetan behar dituzten pertsonen eskura jarri ahal izateko".

Izan ere, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren azken txostenaren arabera, azken bost urteetan salerosketa prezioa KPI baino 3 puntu handiagoa izan da. Halaber, aurretiazko diagnostikoaren arabera, Sopelan erroldatuta ez dauden 883 etxebizitza daude. Hortaz, Sopelak etxebizitzaren merkatuan eremu tentsionatu izendatzeko baldintzak betetzen ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun