Sopelako udaletxeko plaza joste tailer solidario bilakatuko da domeka honetan

Izaro Garcia 2025ko urr. 30a, 10:38

La Cuadri del Hospi Durangon egindako ekitaldi batean © DURANGON

Sopelako Udaletxeko plaza josketa tailer erraldoi bilakatuko da domeka honetan: orratzak eta ehunak nonahi izango dira, baita kolorea, emozioa eta lankidetza ere. Udalerrian egingo den lehenengo Jositako Festa Solidarioa izango da, La Cuadri del Hospi guraso-elkartea laguntzeko asmoz; izan ere, elkarte horrek gaixotasun onkologikoak dituzten haurrei laguntzen die.

Hamaika auzokide, ostalari eta komertzio gehitu nahi izan dira festara. "Herri osoak parte hartu ahal izatea nahi genuen, puntada bakoitzak laguntzeko balio izatea", azaldu du Auria Diharcek, Isla Mosquito elkarte antolatzaileko kideetako batek.

Goizeko 11:00etan hasita, adin guztientzako hainbat ekintza izango dira. Hala ere, “josteko tailerra” martxan jartzen den unea izango da puntu gorena: dozena erdi josteko makina piztu eta, bertoratzen direnen begien aurrean, produktu bereziak sortuko dituzte denek batera. Momentuan sortutako giltzatakoak, diru-zorroak eta beste hainbat artikulu egongo dira salgai, elkartearentzako dirua batzeko eta “komunitatea ehuntzea” zein garrantzitsua den ikustarazteko helburuagaz. 

Ekintzen artean, kakorratz-lanak edo gabonetako postalak egiteko tailerrak egongo dira, baita puzgarriak ere. Era berean, txikienek aurpegia margoztu ahal izango dute, eta eguerdiko 12:30ean, hainbat taberna sopelaztarrek sukaldatutako pintxo solidarioa banatuko zaio nahi duen orori.

Inguruko institutu zein eskolen laguntza ere jaso du La Cuadri del Hospik; izan ere, Ander Deuna edo Iberreko ikasle eta familiek produktuak sortzeko materiala eman dute.

Antolatzaileek hemendik aurrera ospatuko diren hainbat festa solidarioetako lehena izatea espero dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun