Meñakoz Kultur Elkarteak ateak ireki ditu Sopelan euskal kultura bultzatzen jarraituko duten kide berriak hartzeko

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 7a

Besteak beste, Meñakoz Kultur Elkartak hainbat emanaldi ematen dituen joaldunen talde bat dauka.

Elkarteak 2025-2026 ikasturterako kultur eskaintza zabal eta parte-hartzailea jarri du martxan Sopelan, euskal kultura sustatzeko eta belaunaldi guztien artean komunitate kulturala indartzeko helburuagaz. Hala, euskal dantza, panderoa eta joaldunak ardatz dituen programa osatu dute, ume, gazte eta helduentzako taldeakaz.

Alde batetik, dantza-eskolak martitzenetan izango dira, 17:00etatik 18:00etara, 8 urte arteko umeentzako, Kurtzio Kultur Etxean, eta 19:00etatik 20:30era helduentzako, Zipiriñe eskolan. Domeketan, berriz, 11:45etik 14:30era, 8 urtetik gorakoentzako dantza-taldeak bilduko dira frontoian, adinaren arabera talde bitan banatuta.

Bestalde, pandero eskolak eguaztenetan emango dira, 18:00etatik 20:30era, Kurtzio Kultur Etxean, eta joaldunen taldeak irteerak prestatuko dituzte urtean zehar, parte hartu gura duen orori ateak zabalik daudelarik.

Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, "Meñakozen helburua da Sopelan eta inguruko herrietan euskal kulturaren transmisioa eta bizi-iraupena bermatzea, belaunaldi berriak inplikatuz eta kulturaren inguruko komunitate bat sendotuz".

Hala, izen-ematea irekita dago, eta informazio gehiago eskura daiteke posta elektronikoan (menakozkulturelkartea@gmail.com) edo 615 701 542 (Laura) telefonoan. "Elkarrekin dantzatu, jo eta sentitu; euskal kulturaren bihotzak Sopelan jarraitzen du taupaka", adierazi dute Meñakozetik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun