Sopelako hezkuntza-zentroak, kirol-instalazioak eta azpiegiturak, 2026ko aurrekontuaren ardatzak

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 26a

Sopelako gobernu-taldeak duen gehiengoari esker, aurkeztutako aurrekontuak egunean egingo duten azaroko osoko bilkuran onartuko dituzte. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak 2026ko aurrekontu proiektua aurkeztu du. Guztira 20.283.883,91 euroko gastuak aurreikusi dute, aurreko urteko aurrekontuan baino 1,8 milioi euro gehiago. Aurrekontuaren ardatz nagusia inbertsio partidak eta egitasmo estrategikoak izango dira, udalerriko azpiegituren mantenua eta hobekuntzak bermatzeko helburuagaz. Azaroaren 27ko Osoko Bilkuran bozkatuko da aurrekontu proposamena.

Udalak 1.426.420 euroko inbertsioak aurreikusi ditu 2026rako, bereziki hezkuntza-zentroak, kirol-instalazioak, eta kale zein parkeetako azpiegiturak hobetzera bideratuta egongo den diru-kopurua. Zehaztu dutenez, egitasmo horien artean Sertutxa eta Zubigane kaleetako saneamendu berritzea eta metro-sarrerako irisgarritasuna hobetzea daude, 583.220,00 euroko aurrekontuagaz. Bestalde, Anbulatorio inguruan biribilgune bat eraikitzea ere aurreikusi dute, 250.000 euroko inbertsioagaz.

Besteak beste, egitasmo hauek ere zehaztu dituzte: Sopela gune tentsionatua izendatzeko prozesua amaitzea, HAPO prozesuari bultzada ematea, Urko hezegunearen proiektua gauzatzea, Sopelako Udal Hezkuntza Kontseilua sortzea eta Sopela herri hezitzaile bihurtzea.

Inbertsio horiez gain, Udalak adierazi du hiru proiektu estrategiko bultzatzen jarraituko duela: kirol-instalazio berrien proiektua abian jartzea, liburutegi berriaren oinarrizko proiektua onartzea eta exekuzio proiektua lizitatzea eta Larrabasterrako Urgitxieta plaza eraberritzeko proiektua onartzea. Proiektu horientzat finantzaketarako eredu mistoa proposatu du gobernu-taldeak, batetik, daborduko bideratuta dauden Udaleko aurrezkietako 1.164.988,72 euro, eta, bestetik, HAPOren aurrerapenean jasotako proposamenakaz kontraesanean ez dauden udal-lursailak saltzea; hau da, etxebizitza babestuen ekipamenduetara edo etorkizuneko etxebizitza publikoen sustapenetara bideratu ezin diren lursailak. era berean, kanpo-erakundeen finantzaketa eta diru-laguntza ere eskatuko dute.

Hezkuntza-zentroak hobetzeko hauek dira aurreikusi dituzten esku-hartzeak: Zipiriñen jolasgunean ekipamendu inklusibo bat eta berdegunearen egokitzea (100.000 euro), Euskaltegiaren eta Musika Eskolako fatxaden hobekuntza (26.500 euro) eta Haurreskolan inbertsioak (20.000 euro). Guztira, 146.500 euro.

Horregaz batera, gobernu-taldeko iturriek adierazi dute kirol plan estrategikoak "argi erakutsi dute egungo Abadesoloko instalazioek gabezi tekniko handiak dituztela, urteetan egin ez den mantenuagatik". Hartara, 120.000 euro inbertituko dituzte 2026an instalazio horien baldintzak hobetzeko.

"Zenbakietatik eta inbertsioetatik harago, aurrekontu proiektu honek beste zerbaitez ere hitz egiten digu: Udalaren jardunaren bitartez, herri biziago eta anitzago bat eraiki nahi dugula, parekideagoa, eskuzabalagoa, parte hartzaileagoa… Herri euskalduna, justua eta elkartasunean oinarritutakoa lortzea da legealdi honetan gure buruari jarri diogun erronka", adierazi du Guruzne Carrasson alkateak.

Aurrekontu proiektuak legealdiaren hasieran finkatutako lan-ildo eta gobernantza parte-hartzailearen norabidean jarraitzen duela ere azpimarratu dute udal-iturriek, besteak beste, EHUko Parte Hartuz taldeagaz garatutako Gobernantza Parte hartzailearen Plana eta EUSKALIT erakundeagaz jasotako Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren inguruko prestakuntza saioak aintzat hartuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun