Kaxalote bat hilik agertu da Sopelan

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 4a

Horrelako kasuetan 112 zenbakira deitu. © SAREUS

PiE-EHUko eta SAREUS sareko adituek Plentzian egingo dioten necropsiak argituko du zer gertatu den.

Bart arratsaldean kaxalote pigmeo bat lehorreratuta agertu zen Sopelako Atxabiribil hondartzan, El Peñon tabernaren parean. Ibiltzen zeuden herritarrek larrialdi zerbitzuak abisatu zituzten; izan ere, animalia bizirik, baina oso ahulduta eta zaurituta aurkitu zuten.

SOS Deiakek 17:30ean jaso zuen abisua, Sopelako Udaltzaingoak animalia hondarrean zegoela berretsi eta gero. Ondoren, Plentziako Itsas Estazioko (PiE-EHU) eta SAREUS lehorreratze sareko teknikariak bertaratu ziren egoera baloratzera. Adituen arabera, animaliak bi metro baino gehiagoko luzera eta 165 kilo inguru zituen, eta oso egoera txarrean zegoen; une hartan itsasoak ez zuen barealdirik, eta beraz, ezinezkoa izan zen berriz uretara eramatea. Animalia lehorrean hil zen.

Gorpua Plentziako Itsas Estaziora eraman dute nekropsia egiteko. Azterketak argituko du zerk eragin duen lehorreratzea eta ea gaixotasunen bat, lesio mikroskopikorik edo patogenoen presentziarik dagoen. Adituek aurreratu dutenez, ikusitako zauriak hondarregaz edo harkaitzekaz talkan sortutakoak izan daitezke, eta hipotesi posibleen artean gaixotasun naturalek eragindako ahultasuna, plastiko-irensketa edo giza jardueren ondoriozko bestelako interakzioak daude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun