Merkatua Sopelako Udaleko Toki Garapen Sailak bultzatzen du, Jata-Ondo Uribe Eskualdeko Landa Garapenerako Agentzia eta Bizkaiko Foru Aldundiko Natur Ingurune eta Nekazaritza Sailagaz elkarlanean. Martxoaren 29an egin zen lehenengoz, eta ordutik herritarrek larunbatero izan dute tokiko baserrietako ekoizleen produktuak zuzenean erosteko aukera. Izan ere, asteburuaren arabera, sasoiko barazkiak, fruta, ogia, baserriko txorizoa, gazta, gildak edo kombutxa ekologikoa izaten dira salgai. Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak azaldu duenez, "hurbileko kontsumoa sustatzea eta tokiko garapena indartzea da ekintza horien guztien helburua".
Merkatuagaz batera, bertan izango da Sopelako "Txintxosta: Auzoa eta Kultura" artisau elkarteak antolatzen duen artisautza-azoka.
Hala eta guztiz ere, goiz osoan zehar animazioa nagusi izango da udalerrian: 11:30etik 13:00era kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, eta ondoren, 13:00etatik 14:30era, dantzan egin ahal izango da Urgitxieta plazan, Lorratz taldeak dinamizatuko duen dantza-plazari esker.
Eguerditik aurrera, 12:30etik 15:00etara, bertaratzen direnek txoripan bat jan ahal izango dute eta nahi izanez gero, aukera beganoa ere eskura izango da.