Mahatsak eskuan, Sopela festaz lehertuko da abenduaren 13an

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 10a

Sopelako Kuadrillek abenduaren 13an esango diote agur urteari

Sopelan ez dute urte amaiera itxaron gura, eta Sopelako Kuadrillek daborduko atera dituzte euren jantzi eleganteenak abenduaren 13rako; izan ere, aurre kanpaikadak ospatuko dituzte beste behin ere udalerrian.

Festa-giroa 19:00etan piztuko da poteo musikatu bategaz, eta lehen beroketa eginda, pintxo-afaria izango da jarraian Eleizaldeko kioskoaren inguruan. Ordu bete geroago, 21:00etan, Mauxitxa Txaranga kalez kale ibiliko da Sopelako taberna eta txokoak alaitzen, eta oraindik batu ez direnei gonbidapen zuzena eginez.

Ohitura bihurtu den otzara zozketa ere antolatu dute bertako kuadrillek eta, jakina, edonork irabaz dezake! Une berean, 23:00etan, urte amaierako errituala mantendu gura dutenek mahatsak erosteko aukera izango dute, gauerdian ospatuko diren kanpaikadetan erabiltzeko.

Eta amaitzeko… 00:00etan kanpaikadak! Urte amaiera aurreratu bat, lagunartean eta giro bikainean. Mahats guztiak jateko gai izango zarete?

19:00 - Poteo musikatua

20:00 - Pintxo-afaria Eleizalde kaleko kioskoan

21:00 - Mauxitxa Txaranga kale eta tabernetan zehar

23:00 - Otzara zozketa eta mahatsen salmenta Eleizalde kaleko kioskoan

00:00 - Kanpaikadak Azkena Eta Etxera kuadrillaren eskutik Eleizalde kaleko kioskoan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun