Sopelako lau herritar "amarru polizial" baten biktima direla salatzeko mobilizazioa deitu dute urtarrilaren 31rako

Iker Rincon Moreno 2025eko abenduaren 11

Gaur egindako prentsaurrekoa.

"Frogarik gabe eta iruzurrez betetako operazio baten ondorioz", Sopelako lau auzokidek 32 urteko espetxe-zigor eta 112.400 euroko isun eskari bati aurre egin behar diotela gogoratu dute gaur Sopelako 4ekin Bat plataformako kideek. Hala, "amarru polizial" horri aurre egin guran, mobilizazioa deitu dute urtarrilaren 31rako, Sopelan; hitzordua 12:30erako jarri dute: "Guztion ekarpena behar dugu".

Sopelako 4ekin Bat plataformak prentsaurrekoa deitu du eguen honetan, urtarrilaren 31n Sopelan egingo duten mobilizazioaren berri emateko. Gogoratu dutenez, duela hiru aste jakinarazi zuten udalerriko lau herritarrek bizi duten egoera: "Amarru polizial baten biktima dira. Frogarik gabe eta iruzurrez betetako operazio baten ondorioz, 32 urteko espetxe zigor eta 112.400 euroko isun eskaera bati aurre egin behar diote".

Azaldu dutenez, 2021ko urte hasiera garai "bereziki mugituak" izan ziren udalerrian. Garai hartan eraikitzen ari ziren supermerkatu handi baten kontrako herri-dinamika bat zegoen martxan, eta, era berean, joko-aretoen aurkako kanpaina bat ere. "Gainera, Sopelako zenbait gazte eta udaltzainen arteko gatazka nabarmen bat ematen ari zen", gogoratu dute.

Testuinguru horretan, Sopelako jarduera sozial desberdinetan lanean ari ziren lau herritar "izutu asmoz" operazio hau martxan jarri zutela salatu dute. "Frogarik gabe, eta gardentasunik gabe egin zuten". Are, azpimarratu dute lau herritarrok auzipetzeko frogak "hain direla ahulak", auzia birritan artxibatu dutela; "eta, gainera, fiskala auzitik erretiratu zen".

Hala eta guztiz ere, akusazioak bere horretan mantendu du zigor eskaria, eta, ondorioz, lau auzokide hauek 32 urteko espetxe zigor batera kondenatu ditzakete. "Hau onartezina eta guztiz larria da. Lau sopeloztarren bizitza betirako baldintzatu ditzakete. Lau sopeloztarren etorkizuna jokoan dago. Baina ez soilik lau herritar hauena. Baizik eta, ezein herritarren oinarrizko eskubideak ukatuak izan ezin daitezkeela uste dugun guztion etorkizuna jokoan dago", deitoratu dute prentsaurrekoan, "frogarik gabe lau herritar hauek espetxeratzea lortuko balukete, zu edo ni izan gaitezke hurrengoak".

Horren aurrean, gaur bildutakoek erantzun bat emateko beharra azpimarratu dute, "astakeria bat da hau, eta horregatik, ahalik eta herritar gehien bildu behar gara. Soilik gure indarrak batuz lortu dezakegu auzi honen neurriko barrabaskeria geldiaraztea".

Mobilizazioa urtarrilaren 31n egingo dute, eguerdiko 12:30ean. Euskal Herriko jendarte osoari dei egin diete Sopelara hurbiltzera egun horretan, baita auziaren sozializaziora egiteko ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun