Sopelako skate eta surfaren industriak pantailetara salto egin du

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 19a

Sopelako Atxabiribil hondartza, artxiboko irudian.

Sopelan, olatuen eta taulen inguruan sortutako bizimodua pantailara eraman dute. Surfeko eta skateko profesionalak protagonista dituen ikus-entzunezko pieza bat ekoitzi du Udaleko Tokiko Garapen sailak, herrian sustraituta dagoen industria bati aurpegia eta ahotsa jartzeko asmoz.

Bideoak ez du soilik kirola erakusten; izan ere, dendetan, tailerretan, eskoletan eta hondartzetan egunero lanean ari diren pertsonen errealitatea jasotzen du. Shaper-ak, irakasleak, saltzaileak, argazkilariak edota ekitaldien antolatzaileak dira kontakizunaren ardatza, askorentzat zaletasuna dena ogibide bihurtu dutenak.

Grabaketak 2025eko udazkenean egin ziren Sopelako hainbat gunetan, itsasoari estu lotutako paisaian. Testuinguru horretan, surfaren kulturak eta tradizioak herrian duen pisua agerian geratzea gura izan dute, baita Arriatera-Atxabiribil, Barinatxe eta Meñakoz hondartzek eskaintzen duten ingurune berezia ere.

Ekimenaren atzean dagoen xedea askotan ikusezina den sare profesional hori balioan jartzea da. Izan ere, surfak eta skateak ehunka lanpostu sortzen dituzte Sopelan, eta Bizkaiko sektorearen fakturazioaren zati handi bat bertatik dator. Tokiko merkataritza eta ekintzailetza erdigunean jarri dira proiektu honetan.

Udalaren ustez, ikus-entzunezkoak komunitate horren indarra erakusteko balio du, eta azken urteotan antolatutako topaketa, azoka eta surf zinemaren estreinaldiekaz bat egiten du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun