Sopelak kirol zerbitzuen etorkizuna berrantolatuko du

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 22a

Adin guztietako sopeloztar guztiek egunero kirolaz gozatzea lortu gura da. © SOPELAKO UDALA

Gaur egungo kirol zerbitzuen kudeaketa jasanezina dela esanda, Sopelako Udalak udal kirol zerbitzuen eta instalazio berrien Bideragarritasun Plana  onartu du. Erabakia azaroaren 27ko Osoko Bilkuran hartu zuten, aho batez, eta dokumentua oinarri izango da datozen urteetan Sopelako kirol eskaintza nola antolatuko den zehazteko.

Egungo kudeatzailea den BPX Sport enpresagaz sinatutako kontratua ez dela bideragarria adierazi du Udalak. Pandemiaren ondorengo egoerak, Ukrainako gerrak eragindako kostuen igoerak eta azken urteetako testuinguru ekonomikoak egungo pleguak zaharkituta utzi dituzte, eta horren ondorioz, Udalak kontratua eteteko prozesua abian jarri du.

Onartutako planak herritarrek egunerokoan nabarituko dituzten hobekuntza zehatzak jasotzen ditu. Besteak beste, instalazioen mantenua eta garbiketa indartzea aurreikusten da, zerbitzuaren kalitatea hobetzeagaz batera. Horrez gain, etorkizunera begira, Abadesoloko kirol guneko instalazioak handitzea aurreikusten da, ekipamendu berri baten eraikuntzaren bidez.

Unai del Burgo jarduneko alkatearen esanetan, planaren helburua da "udal baliabideak modu arduratsuan kudeatzea, herritarrei eskaintzen zaien kirol zerbitzua hobetzea eta etorkizunean behar duen egonkortasuna bermatzea". Halaber, adin guztietako sopeloztarrek egunerokoan kirola egiteko aukera eskaini gura da, orain arte baino baldintza hobeetan.

Era berean, Udalak herritarren parte-hartzea sustatzeko Bideragarritasun Plana jendaurrean jarriko du, eta herritarrek hilabeteko epea izango dute ekarpenak eta alegazioak aurkezteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun