Sopelak gogortu egingo du etxebizitza hutsen gaineko zerga, alokairua sustatzeko asmoz

Izaro Garcia 2025eko abenduaren 29a

Sopelako etxebizitzak. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak beste pauso bat eman du etxebizitzaren arazoari heltzeko. 2026tik aurrera, hutsik dauden etxebizitzei Ondare Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) %150eko errekargua ezarriko die, orain arte indarrean zegoen %50eko gehienekoa gaindituta.

Udalaren helburua da etxebizitza hutsak merkatura ateratzea eta alokairuaren eskaintza handitzea, Sopelan bizi den etxebizitza-krisiari arnasa emateko. Gaur egun, 883 etxebizitza huts daude udalerrian, etxebizitza-parke osoaren %14. Datu hau nahiko esanguratsua da kontuan hartuta 2025ean 11 etxebizitza baino ez direla batu Alokabideren programetara.

Presio fiskalagaz batera,  Udalak pizgarriak ere indartu ditu. Alokairu publikoko programetara (Bizigune edo ASAP, kasu) etxebizitzak lagatzen dituzten jabeek OHZaren %99ko hobaria izango dute aurrerantzean, orain arteko %50aren ordez. Udalaren iritziz, neurri bikoitz horrek hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea erraztu dezake.

Ildo horretan, Sopelako Udalak urrian lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Alokabidegaz, etxebizitza hutsen jabeak informatzeko eta alokairu publikoko programetara bideratzeko. Akordio horren bidez, Udalak bitartekari-lana egingo du bai jabeekaz bai etxebizitza eskatzen duten herritarrekaz, Etxebiden izen-ematea eta izapideak errazteko asmoz.

Sopela, eremu tentsionatua izendatzeko bidean

Neurri horiek guztiak Sopela eremu tentsionatu izendatzeko prozesuaren baitan kokatzen dira. Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren azken txostenaren arabera, udalerriak baldintzak betetzen ditu izendapen hori jasotzeko, azken bost urteetan salerosketa-prezioek KPIa baino hiru puntu gehiago egin baitute gora. Udalak dagoeneko bidali dizkio Eusko Jaurlaritzari horretarako beharrezkoak diren agiriak.

Udalak berak aitortu duenez, "Sopelak arazo larria du etxebizitzaren arloan". Gaur egun, 1.693 eskaera aktibo daude Etxebiden, eta horietatik %58,9k alokairua eskatzen dute. Alokairuaren batez besteko prezioa, ordea, 852 eurotik gorakoa da hilean. Gainera, txostenak agerian utzi du 20 eta 34 urte arteko gazteak udalerritik alde egiten ari direla, nagusiki etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunengatik.

Unai del Burgo alkateordearen esanetan, "Sopelako etxebizitzaren krisi larriaren aurrean, erabaki sendoak hartu behar dira". Ildo horretan, neurri fiskalak ez ezik, Abaro bezalako sektoreen garapena ere ezinbestekotzat jo du, bertan aurreikusitako 490 babes ofizialeko etxebizitzek udalerriko etxebizitza publikoaren defizitari erantzun zuzena emango lioketelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun