Azterlanak Sopela historiaurrean funtsezko gunea izan dela berretsi du, bereziki Kurtziako silexaren ustiapenari esker. Material horrek penintsularen iparraldeko kostaldean garrantzi handia izan zuen, eta gaur egun ere, garai hartako giza presentziaren arrasto nagusietako bat da. Horrez gainera, erromatarren garaiko, Erdi Aroko eta Aro Modernoko aztarnak ere identifikatu dira, baita baserriak, errotak eta kostaldeko defentsa-egiturak bezalako eraikin historikoak ere.
Lanaren berrikuntza nagusietako bat da informazio hori guztia mapa bakar batean bildu dela, Informazio Geografikoko Sistema baten bidez. Tresna horri esker, udalerriko gune bakoitzak duen potentzial arkeologikoa zehaztu ahal izango da, eta horrek erabaki praktikoetan eragina izango du, batez ere hirigintza-lanetan edo esku-hartze berriak planifikatzerakoan.
Emaitza esanguratsuen artean ustezko arkeologia guneen berrikuspena eta handitzea dago. Neurri horren bidez, ondareari kalte konponduezinak saihestu gura dira, eta etorkizuneko ikerketek argitu ahal izango dute gune horiek benetako aztarnategiak diren ala ez.
Udalaren ustez, mapa eguneratzea ez da ariketa tekniko hutsa. Aitzitik, Sopelaren historia sakonago ezagutzeko aukera bat da, baita ondarea babesteko eta garapen urbanistikoa iraganarekiko errespetuz planifikatzeko ere.