Bederatzi metroko bi txorko jarraitu ireki dira, guztira 27 metro koadroko azalera hartzen dutenak, eta bakoitzean bi zuhaitz landatu dira. Xedea zuhaitzek lur egokiagoa izatea da, uraren kudeaketa hobetuz eta hazkunde osasungarriagoa bermatuz. Horretarako, euri-urak bildu, iragazi eta lurrean infiltratzen dituen sistema ezarri da, uholde-arriskua murrizten laguntzen duena.
Txorkoek parterre begetal zabalak dituzte, lur egituratu iragazkorrez, legarrez eta material birziklatuz osatuak, eta infiltrazio-putzuek soberako ura husteko aukera ematen dute. Udalaren arabera, halako soluzioek hiriguneetako euri-isurketen zati handi bat atxikitzeko gaitasuna dute.
Zuhaizti Plana 2024an landu zuen Basoinsa enpresak, Udalaren eskariz, eta Sopelako Eraztun Berdearen Kontseiluaren lan-ildoen barruan kokatzen da. Proba pilotua, gainera, 2024/2025eko aurrekontu parte-hartzaileetan aukeratutako proiektuetako bat izan da.
Bi txorko jasangarriak instalatzeko lanek 42.413,61 euroko kostua izan dute, 50.000 euroko aurrekontuagaz. Udalak azaldu du esperientzia honek etorkizuneko jarduketak definitzeko balioko duela, hiriguneko zuhaitzak zaintzeko eta ingurune jasangarriagoa eraikitzeko helburuagaz.