Sopelako bidegorriak BizkaiBizi sarean sartzeko prestatzen ari dira

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 19a

Sopelako hirigunea eta hondartzak lotzen dituen bidegorri-sarea hobetu dute. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak amaitutzat eman ditu herrigunea eta hondartzak lotzen dituen bidegorri-sarea hobetzeko lanak. Esku-hartze horri esker, txirrindulariek eta oinezkoek ibilbide irisgarriagoa eta babestuagoa izango dutela azpimarratu dute udal-iturriek, batez ere, Arrietara etorbidean, Ingestabason, Uribe Basterran eta Atxabiribilen egindako egokitzapenei esker.

Lanen helburu nagusia bizikleta-sare jarraitu bat osatzea izan dela azpimarratu dute, lehendik zeuden tarteak elkarregaz lotuz, hala nola Ingestabasoko biribilgunea hondartzarako etorbideakaz. Gainera, segurtasuna areagotzeko asmoz, seinaleztapen berria ere jarri dute, espaloiak jaitsi dira irisgarritasuna bermatzeko, eta pilonak zein bereizgailu fisikoak instalatu dira ibilgailu motorizatuen eta bizikleten arteko espazioa mugatzeko.

Aldaketa esanguratsuenen artean, Uribe Basterran asfalto gorriko noranzko biko bidegorria sortu da, eta Arrietara zein Atxabiribil etorbideetan zirkulazioa berrantolatu dute. Hala, lehendik zegoen bidegorria igotzeko bakarrik erabiliko da, eta jaitsierarako lehentasunezko bide partekatuak prestatu dituzte. Gainera, Atxabiribilgo zatian abiadura murrizteko hiru banda jarri dituzte segurtasun neurri gisa.

Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak azaldu duenez, azpiegitura hauen hobekuntza funtsezkoa da Sopela 2027an BizkaiBizi bizikleta publikoaren zerbitzura atxikitzeko prestatzeko. Gaineratu duenez, Udalak 2024tik zerbitzu horretan sartzeko ahalegina egin badu ere, legezko arrazoiengatik itxaron beharko dute oraindik.

Ekonomikoki, proiektua oso onuragarria izan da udal-kutxarentzat, Europako Next Generation EU funtsek finantzatu baitute kostuaren % 99. Hasiera batean, 300.000 euroko aurrekontua aurreikusi bazen ere, azken kostua 228.927 eurokoa izan da, eta Sopelako Udalak 2.027 euro soilik jarri behar izan ditu. Lanak aurreikusitakoa baino azkarrago burutu dituztela ere azaldu dute, hain zuzen ere, hamaika astetan amaitu baitituzte hasieran finkatutako hamalau asteen ordez.

Proiektu hau Euskadirako Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Lurralde Planaren barruan txertatzen da, Jata Ondo Landa Garapeneko Elkartearen bitartez kudeatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun