#0KM - Berton bertokoa

Sara Martin Ariño: "Guretzat garrantzitsuena jendea gustura egotea da; horrela ikasten da gehien"

Izaro Garcia · Hodei Torres 2026ko otsailaren 2a

Hizkuntzak ikastea ez da soilik gramatika eta hiztegia lantzea: giroak, motibazioak eta gertutasunak ere badute zeresan handia. Hori izan da Sopelako hizkuntza-akademia honen oinarria hasieratik.

Duela ia hiru hamarkada jarri zuten martxan Sopelan gaur egun hizkuntzen irakaskuntzan erreferentzia bihurtu den akademia. Proiektuaren arduradun Sara Martin Ariñok hasieratik hizkuntzak irakasteaz gain, ikasleentzako giro hurbil eta atsegina sortzea izan du helburu eta haren esanetan, ikaskuntza eraginkorragoa da jendea gustura sentitzen denean: "Gustura dagoenak gehiago ikasten du".

Akademiak 30 urte inguru ditu, eta Martin Ariñok 27 urte daramatza zuzendaritzan. Hasieran bere ekimenez sortutako proiektua izan zen, eta gaur egun Sopelan ez ezik Bilbon ere badu beste egoitza bat, bere jardun nagusia Sopelan izan arren. Duela zazpi urtetik kokatuta dago egungo lekuan, eta adin guztietako ikasleekaz egiten du lan.

“Frantsesa, txinera eta eskatzen diguten beste hizkuntza batzuk ere irakasten ditugu, betiere irakasle egokiak aurkituta”

Hizkuntzen eskaintzari dagokionez, ingelesa da nagusi, eskari handiena duelako, baina ez da bakarra. “Frantsesa, txinera eta eskatzen diguten beste hizkuntza batzuk ere irakasten ditugu, betiere irakasle egokiak aurkituta”, azaldu du. Horrez gain, hainbat ikastolagaz elkarlanean aritzen dira, eskolaz kanpoko jarduerak antolatuz, besteak beste San Nikolas ikastolan. Akademiak lan-talde egonkorra du, eta irakasle batzuk 25 urte baino gehiago daramatzate bertan.

Ikasleen profila askotarikoa bada ere, gehienak Sopelakoak eta inguruko herrietakoak dira, Barrikatik eta eskualdeko beste toki batzuetatik etorriak. Ohikoa da ikastolan eskolaz kanpoko jardueretan hasitako ikasleek, ikasketak amaitzean, akademian jarraitzea titulazio ofizialak prestatzeko. Izan ere, akademiak badu ingeleseko titulu ofizialak eskaintzeko lizentzia.

Irakaskuntza klasikotik harago, akademiak bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu. Enpresetan hizkuntza-eskolak ematen dituzte, irakasleak zuzenean lantokietara joanda, eta udan Ingalaterrako egonaldiak antolatzen dituzte ume eta gazteentzat. Programa horietan, murgiltze linguistikoa da ardatza. "Gure kasuan, antolaketa berezia da: adin bereko umeak dituzten familia ingelesekin jartzen ditugu ikasleak, eta bertako eskolara joaten dira, irakasgai guztiak ingelesez jasoz”, azaldu du Martinek.

Esperientzia horretan, familiaren aukeraketa funtsezkoa dela nabarmendu du. “Oso kontuan hartzen dugu zein familiarekin jarriko dugun ume bakoitza. Nahiko o
ndo moldatzen dira, oro har. Eta beraz, oso esperientzia polita izaten da”, dio. Horregatik, askok errepikatu egiten dute esperientzia: “Ez dira hemengo lagunekin egotera joaten, bertako kultura eta ohituretan murgiltzera baizik”.

“Oso kontuan hartzen dugu zein familiarekin jarriko dugun ume bakoitza. Nahiko ondo moldatzen dira, oro har. Eta beraz, oso esperientzia polita izaten da”

Egonaldi horiek normalean 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, Ingalaterran oraindik derrigorrezko hezkuntzan dauden adinean. Talde bakarra eramaten dute, data jakin batzuetan, denak batera.

Giro ona eta konfiantza ezinbestekoak dira ikasteko, edo horrela dio zuzendariak, behintzat. Haren esanetan, jendea gustura sentitzen denean ikaskuntza errazago eta eraginkorrago gertatzen da. Azken finean, proiektu osoaren muina ideia horretan datza: hizkuntzak ez dira soilik ikasten, "giro egokian eta harreman osasuntsuen bidez eraikitzen dira".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun