Ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiari, Garraio Partzuergoari eta Metro Bilbaori zuzendutako eskaera formala jasotzen du, 2017an egindako azken txostena zaharkituta geratu dela iritzita. Orduko hartan, zerbitzua instalatzea bideraezintzat jo zen kostu altuengatik —300.000 euro inguru geltoki bakoitzeko— eta lurpeko estazioek dituzten zailtasun teknikoengatik, baina sinatzaileek uste dute egungo teknologiagaz eta ikuspegi estrategikoago bategaz irtenbideak egon daitezkeela.
Proposamen honek ez du eskatzen geltoki guztietan komunak jartzea, eredu selektibo eta adimentsuago baten alde egiten baitu. Zehazki, lau edo bost geltokitik behin eta lineen muturretan zerbitzuak gaitzea proposatzen da, bidaia luzeenak egiten dituzten erabiltzaileen beharrak asetzeko eta gastu orokorra murrizteko.
Gainera, arreta berezia jarri nahi da tunelik gabeko azaleko geltokietan, Plentziako lineako hainbat gunetan bezala, horietan obrak egitea teknikoki errazagoa eta merkeagoa izan daitekeelakoan. Era berean, Barik txartelaren bidezko sarbide sistema berritzaileak aztertzea eskatzen da, erabiltzaileek zerbitzua erabili ahal izan dezaten bidaia zigortu gabe. Alderdi politikoek azpimarratu dutenez, 2017tik testuinguru soziala asko aldatu da eta gaur egun zerbitzu publiko irisgarriagoak lortzeko adostasun handiagoa dago. Erabiltzaileen % 25 inguru 65 urtetik gorakoak direla eta talde hori hazten ari dela gogorarazi dute, baita arrazoi medikoengatik edo premia larriengatik osasun-zerbitzuak beharrezkoak direla ere zerbitzuaren kalitatea bermatzeko.
Behin azterketa eguneratua eginda, ondorioak ukitutako udalei helaraztea gura dute, erakundeen arteko jarduera koordinatuak bultzatu eta Sopelako zein Bizkaiko bidaiarien aspaldiko eskaerari erantzun egokia emateko.