Instalatutako sistemak LED optika tradizionalaren ordez, oinezkoen argi-seinale berdeagaz batera doan laguntza-sistema akustiko bat du. Mekanismo hori, sakagailu bidez, haririk gabeko urrutiko agintearen bitartez edo Bluetooth-a aktibatuta duen telefono mugikorren bidez aktiba daitekeela azaldu dute udal-iturriek
Hala, Bluetooth-a aktibatuta duen telefono mugikor daraman norbait pasabidera hurbiltzen denean, lokalizazio-tonu leun bat egingo du, semaforoa gailuagaz komunikatzen ari dela adierazteko. Une horretatik aurrera, seinale akustiko desberdinek semaforoaren egoeraren berri emango dute, erabiltzaileak orientatzen laguntzeko.
Esaterako, oinezkoen semaforoa berde jartzen denean, soinua bizia eta aldizkakoa izango da, gurutzatzea segurua dela adierazteko. Argi berdea dir-dir egiten hasten denean, berriz, sistemak tonu azkarragoak eta aldizkakoagoak igorriko ditu igarotze-denbora amaitzear dagoela ohartarazteko.
Etengabeko zaratak murrizteko, sistema hori beharrezkoa denean soilik aktibatuko dela argitu dute udal-arduradunek, eta, horri esker, ikusmen urritasuna duten pertsonen autonomia hobetzea da helburua.
Unai del Burgo alkateordearen hitzetan: "Herrian, irisgarritasun integrala bermatzea da gure helburua, eta, bide horretan, pauso garrantzitsua da semaforo bidezko pasabideetan halako gailuak instalatzea".