Martxoaren 17ko greba antolatzeko bilera irekia egingo dute Sopela

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 18a

Euskal Herriko sindikatuen gehiengoak greba ditu du martxoaren 17rako.

Sopelako Greba Batzordeak iragarri du asanblea irekia egingo duela otsailaren 20an, barikuan, 18:00etan Kurtzio kultur etxean, martxoaren 17rako deitutako greba orokorraren arrazoiak azaltzeko eta herrian garatu gura duten plangintza aurkezteko. 

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokorra deitu dute martxoaren 17rako, diotenez, Euskal Herrian 1.221 eurogaz ezin daitekeelako "bizitza duin bat izan". Horregaz batera, ekimena abian jarri dute, eta herri ekimen legegile bana erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan.

Bere aldetik, Sopelako Greba Batzordetik deialdian azaldu dutenez, gutxieneko soldata "aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa" da, eta Hego Euskal Herrian 300.000 langileri eragingo lieke igoerak, bereziki egoera prekarioenean daudenei. Espainiako gutxieneko soldata "ez da nahikoa langileak pobreziatik ateratzeko", diote, eta Europako beste herrialde batzuetako zenbateko handiagoak jarri dituzte adibide gisa.

Greba Batzordeak nabarmendu du bide bi daudela soldata propioa ezartzeko: patronalagaz lanbidearteko akordioa adostea edo lege-aldaketa sustatzea, tokiko erakundeei eskumena emateko. "Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko gutxieneko soldata hemen erabaki behar dugu", adierazi dute.

Horregatik, herritarrak bilera ireki horretara bertaratzera animatu dituzte, "aberastasuna banatzeko eta prekaritateari aurre egiteko" borrokara batu daitezen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun